Zubietako hondakinen bilketa Usurbilgo udalak egingo du
Donostiako Udalak, Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak hitzarmena sinatuko dute Zubietaren berezitasun administratiboak sortzen dituen arazoak konpontzeko. Horietako bat da hondakinen bilketarena. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du albistea.
Martxoaren 22ko udalbatzarrean onartu zuen Donostiako Udalbatzak akordioa, eta gauza bera egin zuen Usurbilek Osoko Bilkuran. Orain, hiru aldeek sinatzea falta da. Hitzarmenaren bitartez, udalerri bakoitzaren mugetan bizi direnek aukeratu ahal izango dute zein sistema erabili. Alegia, atez atekoa edo edukiontzien bidezkoa.
Lau urterako sinatuko dute akordioa eta Zubietako lurralde esparru osoari eragingo dio. Bestalde, ondorengo zerbitzuak eta jarduerak berrantolatuko dituzte: uraren hornidura, saneamendu sarea, hondakinen bilketa, bideen garbiketa, parkeak, lorategiak eta zuhaitzak, landa bide publikoen garbiketa eta mantentzea, argiteria publikoa, hiri-altzariak, garraio publikoa, instalazio eta ekipamendu publikoak, mantentze-jarduketak eta logoak.