Auzotarren aterpea berritzera doaz
Plaza Haundiko proiektua behin betiko onartu du Donostiako Udalak. Egia Bizirik auzo elkartearen eskaera nagusia plazako estalkia berritzea da.
Legealdia bukatzear denean, Donostiako Udalak behin betiko onartu du Egiako Plaza Haundi –Luis Martin Santos plaza da izen ofiziala– berritzeko proiektua. Une honetan, lanen adjudikazio deialdia egiteko azken tramiteak egiten ari da Proiektu eta Obren Zuzendaritza saila. Zehazki, plaza azpiko garajeetako jabeen baimen batzuk behar dituzte.
Egia Bizirik auzo elkarteak urteak daramatza gaia lantzen. Beraien hasierako eskaera estalkia berritzea izan bazen ere, plaza bizilagunen beharrei egokitzeko proiektu batean bihurtu da. Udaletik eperik eman ez badiete ere, proiektua behin betiko onartu izana aurrerapauso garrantzitsu bat dela uste dute.
Auzoko arkitekto eta aparejadore batzuen laguntzarekin, eta bizilagunekin abiatutako urtebeteko gogoeten ondoren, egokitze proiektu bat osatu zuten 2016ko otsailean. Plaza Haundin hainbat kartel jarri zituzten ere eraldaketaren xehetasunak emanez, auzotarrek ideiaren irudi zehatzago bat izan zezaten. Hilabete beranduago plaza egokitzeko proposamena aurkeztu zioten udalak, eta auzotarren babesa jasotzeko asmoz, sinadura bilketa egin zuten. 1.000 sinadura inguru eta auzoko 25 eragileren atxikimenduak udaletxean erregistratu zituzten. Urte bereko abenduan, aurkeztutako aurreproiektua eta parte hartze prozesuaren emaitzak kontuan hartuta, behin betiko proiektua aurkeztu zien udalak auzotarrei.
Iazko uztailean udaleko teknikariak Egiako hainbat eragilerekin bildu ziren proiektuaren azken xehetasunak azaltzeko. Bi estalki izango ditu plazak eta hauek eutsiko dituzten zutabeak alboetara eramango dira, plazan gune ireki zabala utziz. Estalkietako batek besteak baino altuera gehiago izango du, eta baxua, azokak egiteko aproposa izango da. Bestalde, plazak Tejeria kaletik sarbide berri bat izango du. Hilabeteak pasa dira azken bilera hartatik, eta udalak erritmoa azkartu du plaza ahalik eta azkarren berritzeko.