Gaur jarriko dute martxan eskaripeko geldialdien sistema Dbuseko gautxorietan
Gaur gauean jarriko dute martxan eskaripeko geldialdien sistema Dbuseko gautxori linea guztietan. Sistemari horri esker, linea horien zati jakin batzuetan ibilbidearen geltoki ofizialen artean gelditzeko eskaria egin ahalko da. Bakarrik emakumeek eta 18 urte baino gutxiagoko pertsonek eskatu ahal izango dituzte zerbitzu horiek, eta bakarrik ostiraletan, larunbatetan, jai bezperetan eta gertakizun bereziak dauden egun jakin batzuetan.
Sistema honen bidez Donostiako autobus zerbitzua hobetu nahi du Dbusek,baita erabiltzaileen premietara egokitzea ere. Sistema B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa linean jarri zuten martxan joan zen ekainean, eta hilabete hauen ondoren gaueko linea guztietara zabalduko dute funtzionamendu berdinarekin. B8 linearekin egin zen moduan, zerbitzu hau ezagutarazteko asmoarekin eskuorri bat argitaratu dute, sistemak linea guztietan dituen ezaugarri nagusiak eta gelditzeko eskatu ahal izango den guneak azaltzeko. Eskuorria jada eskuragarri dago autobusetan eta Dbusen web orrian.
Dbusek honako ezaugarriak zehaztu ditu:
- Bakarrik emakumeek eta 18 urte baino gutxiagoko pertsonek eskatu ahal izango dute.
- Erabiltzaileak berak jaitsi nahi duen lekua baino geltoki bat aurretik eskatu beharko dio gidariari, zuzenean. Gelditzeko eskaera egin duen erabiltzaileak autobusaren aurreko aldera joan beharko da, bakarrik aurreko atetik jaitsi ahal izango baita.
- Funtsezko baldintza da gutxienez 1,5 metroko zabalera duen espaloia egotea eta arrisku egoerarik ez sortaraztea. Egoera batzuetan ez da jaisterik egongo. Hona hemen egoera horietako nagusiak:
- Ezin da izkina, bidegurutze nahiz bidebanatze batetik bost metrora baino gutxiagora gelditu.
- Ezin da oztopatu ibilgailuak pasabide lizentzia dutela behar bezala seinaleztatzen duten eraikinetara pasatzea, ez pertsonek eraikin batera sartu nahiz ateratze ohiko lekuak erabiltzea ere.
- Ezin da geldialdirik egin beste gidari batzuei seinaleak ikustea oztopatzen zaien lekuetan edo maniobrak egitera behartzen diren lekuetan.
- Ezin da geldialdirik egin irlatxo, erdibitzaile, sestran dauden pasaguneetan, bizikletazaleen pasaguneetan, oinezkoen pasaguneetan eta espaloia janda dagoen lekuetan.
- Ezin da geldialdirik egin gelditzea debekatuta dagoela seinaleztatuta dagoen nahiz arauek hala ezartzen duten tokietan.
- Arrapalatik autobusera igotzean, gurpildun aulkian doan bidaiariak (emakumeak edo 18 urtetik beherakoak) non jaitsi nahi duen jakinaraziko dio gidariari. Gidariak eskatu den lekuan arrapala jaisteko baldintza egokiak dauden jakinaraziko dio erabiltzaileari, eta baldintzak egokiak ez badira beste leku bat proposatuko dio jaisteko.
Edozein kasutan, zalantzazko egoeretan gidariaren irizpideak edukiko du lehentasuna.