Bulkada berriak sentitzen dira Egian
Ernai eta Aitzina gazte antolakundeak Bulkada berrien garaia da! egitasmoa jarri zuen martxan joan den udazkenean. Egitasmoaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte ikasturtean zehar, eta horietako bat da gaur Egian egiten ari diren Bulkada Eguna. Goizeko 12:30ean hasi dira auzoa girotzen, Unai Gaztelumendi eta Izarne Zelaiarekin egindako bertso poteoarekin. Ondoren, Plaza Haundin belaunaldien arteko argazkia atera dute, bazkal aurretik. IRUTXULOKO HITZAk bideo batean jaso ditu bertsolarien bertsoak, Gaztelumendik Donostiako hedabideari egin dion aipamena barne. Egian pasako dute arratsaldea gazteek eta eguna Parte Zaharrean amaituko dute.
Egitasmoaren barruan, hitzaldi bira bat antolatu zuen Donostiako Ernaik, duela 40 urte Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik, gaurdainoko historiaren errepasoa egiteko asmoz. Besteak beste, Gaztetxeak eta gazte mugimendua dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo tertulia, eta 40 urtez antolakuntzan eta borrokan mahai-ingurua egin zituzten.
Azken geltokia: Gazte Topagunea
Gazte Topagunea egingo dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek apirilaren 19an, 20an, 21ean eta 22an Lemoan. Askatasun bulkadak independentziara lelopean “milaka gazte independentista” elkartuko dira, “borroka eta jaia uztartzeko asmoz”. Gazte Topaguneko webgunean eskuratu daitezke sarrerak.