Tabakalerak, San Telmo Museoak eta Zaporeak-ek bat egin dute, Arzak omentzeko
Arzak bere saltsan erakusketa ikusgai egongo da San Telmo Museoan ekainaren 16ra arte. Erakusketak Arzaken bizitzaren eta lanaren nondik norakoak erakutsiko ditu, baita Euskal Sukaldaritza Berriaren ingurukoak ere. Era berean, Arzak. Mundua osoa lau koloretan margotua erakusketa datorren igandera arte, apirilaren 14ra arte, ikusgai egongo da Tabakalerako lehen solairuan.
San Telmo Museoak eta Tabakalerak Arzaken inguruan antolatutako erakusketa-proiektuaren osagarri gisa, igandean topaketa gastronomiko bat egingo dute Zaporeak GKErekin batera. Zaporeak elkarteko kideek karpa bat muntatuko dute Zuloaga Plazan, 11:00etatik 15:00etara, pertsona orok topaketa gastronomikoan parte hartzeko aukera izan dezan. Gainera, Arzaken plater gogokoena, arrautza frijituak pikillo piperrekin lagunduta, prestatuko dute han, eta hiritarrei eskainiko diete dasta dezaten.
Errezeta horixe bera du oinarri Gipuzkoako Ostalaritzak hiriko sukaldariei luzatu dien erronkak: “Arzak” izena harturik, osagarri horiek erabilita pintxo bat sortzea, hain zuzen. Era berean, Basque Culinary Center erakundearen barruko Bculinay Club-ek ikastaroak antolatu ditu Arzaken sukaldeko plater ospetsuenak prestatzen ikasi nahi dutenentzat. Dagoeneko 30 lekutan dastatu daiteke “Arzak” pintxoa.
Arzak. Mundua osoa lau koloretan margotua
Erakusketak zentzumenentzako esperientzia bat eta ibilbide bat proposatzen ditu, Juan Mari Arzaken unibertsoan barrena. M. Luisa Loopez Telleria Jankontuak-eko kidea komisarioa duela, erakusketak lau kolore ditu iturburu: gorria, berdea, zuria eta beltza. Erakusketaren haria mamitzen dute Hasier Etxeberria kazetari, idazle eta gastronomoaren testuek, eta horietako batean jasotzen denez, Juan Mari Arzakek esana da kolore horiek direla euskal sukaldaritzaren ezaugarri diren lau saltsen koloreak: bizkaitar saltsaren kolore gorria, perrexil-saltsaren berdea, pil-pil-saltsaren zuria eta txipiroi-tintaz egindako saltsaren kolore beltza. Bilduman askotariko elementuak jaso dira: irudiak, eguneroko bizitzako objektuak, artelanak, ikus-entzunezkoak, testuak, lekukotasunak, oroigarriak eta abar.