Topoaren igarobidearen lanek eragindako kalteak azalduko dituzte mahai-inguru batean
Metroaren pasabidearen aurkako aldarrikapenak, Donostia Defendatuz koordinakundeak antolatutako manifestazio batean. (Argazkia: Nerea Lizarralde) “Donostiako metroaren obrek azken hilabeteetan herritarrei eragin dizkigun kalteen berri emateko, mahai-inguru bat egingo dugu”, jakinarazi du topoaren igarobidearen lanek kaltetutako bizilagun talde batek. Ostegunean izango da, maiatzaren 9an, 19:30ean. Karmeliten egoitzan izango da, Amarako Euskotrenen geltokiaren alboan, eta Pedro Egaña kalean dago sarrera. Gaur gu: bihar zu? lelopean, Morlans, Amara eta Antigua auzoetako bizilagunek hartuko dute hitza, eta arlo guztietako arazoen inguruan mintzatuko dira: zarata, bibrazioak eta arrakalak, kutsadura, osasun arazoak, eta abar. Era berean, lanak gauez geldiarazteko borroka nolakoa izaten ari den azalduko dute, eta jarraibide batzuk jaso dituen protokolo bat banatuko dute. Gainera, Satorralaia elkarteko kideek ere parte hartuko dute, “metroaren proiektua zertan datzan” esplikatzeko.
Mahai-ingurua irekia dela azaldu dute antolatzaileek, eta Donostiako herritarrak hitzaldira joatera gonbidatu nahi dituzte, “batez ere etorkizunean lanek kaltetuta suerta daitezkeenak”. “Udal hauteskundeak oso hurbil daudela eta, udal talde guztietako ordezkariei dei egin nahi diegu gu entzutera etor daitezen; izan ere, bizilagunok hilabeteak daramatzagu obren kalteak salatzen eta agerian uzten, baina Donostiako Udalaren, ETS Euskal Trenbide Sarearen eta Eusko Jaurlaritzaren ukazioa eta akzio eza izan ditugu aurrez aurre”, gaineratu dute.

