Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko alkategaiaren profila
Bost dira Donostiako alkatetzara aurkeztu diren hautagai nagusiak, eta beraien profilak bildu ditugu, hobeto ezagutzeko: EAJko Eneko Goia, PSE-EEko Ernesto Gasco, EH Bilduko Reyes Carrere, PPko Borja Semper eta Elkarrekin Podemoseko Aitzole Araneta. Horietaz gain, PACMA, PUM+J, Ciudadanos, Aulki Zuriak, Ganemos, P-Lib eta Vox alderdiek ere hautagaitzak aurkeztu dituzte.
AITZOLE ARANETA ZINKUNEGI: ELKARREKIN PODEMOS
Adina: 1982ko azaroaren 22an jaio zen, eta 36 urte ditu.
Auzoa: Añorgakoa da.
Ikasketak: Arte eszenikoak ikasi zituen 2007tik 2010era Castelldefelsko Cuarta Pared zentroan. Bitartean, bi master ikasi zituen: Sexologia master bat (2008-2010, Alcala de Henaresko Unibertsitatean), eta Diziplinarteko Genero Ikasketetako master bat (2009-2010, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan). Ikasketa horiek amaitu ondoren, beste master bat egin zuen, Terapia Sistematikoan oraingoan (2011-2012, Biko Arloak zentroan).
Hizkuntzak: Bost hizkuntza hitz egiten ditu Aranetak: euskara (C2 maila), gaztelania (C2 maila), ingelera (C2 maila), frantsesa (B2 maila) eta alemana (B1 maila).
Lanbidea: Aktore gisa egin du lan, Donostia 2016 Fundazioan eta Donostia Kulturan hainbat kargu izan ditu, BITC enpresako komunikazio arduraduna izan da, koordinatzailea izan da Genero Identitateko Nazioarteko Kongresuan eta Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatean, eta Bitxigorriako sexologia zerbitzuko arduraduna izan da. Pasaiako Udaleko Berdintasun arduraduna da 2017tik.
Ibilbide politikoa: Ibilbide luzea egin du LGTBI kolektiboaren eskubideen alde eta mugimendu feministan, eta Podemos alderdiaren estatuko LGTBI arduraduna da.
Beste hautagaiak: Haizea Garai, Marta Huarte, Victor Lasa, Bixente Mirena Sacristan, Patricia Rodiño, Amaia Martin, Maier King, Loic Alejandro, David Noe Laborda eta Jon Hernandez.