"Gai garela pentsatu behar dugu beti"
Europako Txapeldunen Kopako bigarren postua eskuratu ostean, Realak ligako play-offa abiatuko du asteburuan, Juniorren aurka. Ainhoa Belzunegik (Donostia, 1993) hamar urte bete berri ditu lehen taldean, eta urteurrena iazko titulua errepikatuz ospatu nahi du.
Munduko jokalari onenen aurka, Europako txapeldunorde izan zarete. Zertan bihurtzen zaituzte horrek?
Ez gaitu ezertan bihurtu, berdinak izaten jarraitzen dugulako. Egia da, ordea, askori oraindik kosta egiten zaigula lortu duguna egia dela sinestea. Ikastetxeetatik ateratako jokalariez osaturiko taldea gara, eta Europako txapeldunordeak izatea lortu dugu.
Balentria historikoa izan da Realarentzat.
Bai, eta egindako lan gogorraren emaitza izan da. Garbi dago guk ez daukagula Europako talde handien maila izugarri hori, baina irabazteko gogoak ez dizkigu inork kenduko. Ehunka ordu sartzen ditugu hemen lanean gure helburuak lortu ahal izateko.
Bistakoa da kanporaketetan oso talde arriskutsua zaretela. Zein da zuen sekretua?
Ligako lehen fasean zehar gorabehera asko izan ohi ditugu. Denboraldi amaiera eta finalak iristen direnean, ordea,… plast!, borrokan sartzen gara berriro ere.
Taldean denbora luzea daramagun zenbait jokalarik duela gutxi komentatu genuen aurreko urteetan final pila bat galdu izan ditugula. Galtzeak asko irakasten du, eta agian horri esker dakigu orain nola egin behar diogun aurre final bakoitzari.
Zein balorazio egiten duzu fase erregularrari dagokionez?
Fase erregularretik ateratzen dudan ondorio nagusia da ez garela batere erregularrak. Liga osoan etxetik kanpo ez dugu partida bakar bat ere irabazi, azken jardunaldira arte. Etxean jokatzerakoan erosoago sentitzea normala da, baina non jokatze horrek ezin digu horrenbeste eragin.
Zaleen indarrak zerikusia izango du horrekin. Gertu sentitu dituzue denboraldian zehar?
Oso gertu izan ditugu une oro. Holandako finalera, adibidez, senide eta lagun mordoa etorri zen gurekin, dunbai eta guzti. Bultzada handia zen guretzako.
Gainera, Donostiara bueltatzerakoan egundoko harrera egin ziguten Bera Beran, zelai ondoko Bully tabernan. Bigarren eta hirugarren taldeko jokalariak ere etorri ziren, eta oso hunkigarria izan zen guretzat.
Junior izango da play-offetako zuen lehen aurkaria. Iaz finalean garaitu zenituztela kontuan hartuta, nolako kanporaketa espero duzue?
Neurri batean beldurtuta daudela esango nuke, Juniorrek asko galdu izan duelako Realaren aurka. Ligan guk baino askoz puntu gehiago lortu dituzten arren, errespetu handiz jasoko gaituztela uste dut.
Hala ere, garbi daukagu ez dela kanporaketa erraza izango, aurkaria ona delako eta bi partidak Bartzelonan jokatu beharko ditugulako. Asteburuan dena kontran izango dugu
Urtebetez atzerrian egon ostean, iaz taldera bueltatu zinen. Geroztik, liga eta Europako txapeldunordetza lortu dituzue. Berriz kanpora joatea debekatuko zizuten, ezta?
Ez, ez. Oraindik ez didate halakorik eskatu! Bueltatu nintzenean, taldea sasoitsu eta giro onarekin topatu nuen, baina emaitzak ez zetozen bat horrekin. Gure aukeretan sinestea falta zitzaigun, besterik gabe. Eta, zorionez, play-offean hasi ginenean, taldeak horri buelta ematea lortu zuen.
Ligako sailkapenean seigarren postuan egoteak berdin dio. Guk txapelketa irabazteko gai garela pentsatu behar dugu beti. Eta, iaz gertatutakoa ikusita, hori garbi izan behar dugu aurtengo play-offean ere.
Zure hamargarren denboraldia taldearen hamargarren ligarekin biribiltzea posible dela uste duzu, hortaz.
Hori oso ona izango litzateke. Taldekide batzuek aipatu ohi dute liga berriro irabaziz aho asko itxiko genituzkeela. Agian bai, baina uste dut gure aho propioak ixten ere lagunduko ligukeela, gure burua gehiegitan gutxiesten dugulako. Liga irabazteak gugan sinesten jarraitzeko eta datozen denboraldietan are hobeak izateko bultzada emango liguke.