"Joko arauek aldatu egin behar dute"
Donostiako alkatetzarako Elkarrekin Podemosen alkategaia da Aitzole Araneta (Añorga, 1982). Ibilbide luzea egin du LGTBI kolektiboaren eskubideen alde eta mugimendu feministan, eta Podemos alderdiaren estatuko LGTBI arduraduna da. Egun, Pasaiako Udaleko berdintasun teknikaria da.
Zergatik hasi zinen politikagintzan?
Politika egiteko modu desberdinak ulertzen ditut. Ni aktibismoan hasi nintzen, batez ere trans aktibismoan. Gaur egun lege bat dago ni bezalako pertsonak, transexualitate egoeran dauden pertsonak, buruko gaixotasun bat duten pertsona gisa ulertzen dituena. Horrek arazo ugari eragiten dizkigu, lan arloan, gizarteratze arloan, osasun arloan, bankura joaten garenean, aireportuetan, eta abar. Nire aktibismoa horren harira hasi zen, eta gai horiek mugimendu feministarekin lotura handia daukatenez, horretan ere barneratu nintzen. Hortik aurrera, eskaini zidaten transexualitateari buruzko estatuko bi lege proposamenen inguruan lana egiteko. Hor suertatu zitzaidan gizartearen aldaketarako jardunean modu praktikoan aritzeko aukera.
Donostiari dagokionez, aspaldi nabaritu nuen hiri hau nirekiko oso arrotza zela. Uste dut gizartea aldatzen joan dela, ni bezalako pertsonak ikusgai egiten ari garela, eta gaiaren inguruan politika eta pedagogia egiten ari dela. Grina horrek eramanda, eta ikusita hiri hau nirea bezalako beste errealitate batzuetara zabaldu dela, aktibismotik politika instituzionalera pasatzeko pausoa eman nuen. Nire helburua Donostia inklusiboa egitea da, oso egoera desberdinetan dagoen jendea kontuan hartuz. Asmo horrek bultzatuta hartu nuen politikagintza instituzionalean hasteko erabakia.
Zeintzuk dira legealdi berrirako zehaztu dituzuen erronkak? Eta horiek lortzeko, zein neurri proposatzen dituzue?
Gustatuko litzaigukeena da pertsonak erdigunean jartzea, eta pertsonak bere aniztasun horretan hiri-politikagintzaren barruan sartzea. Ikusten ari gara EAJk eta PSE-EEk egiten dituzten politika askok, eragiten dutela hiriko hainbat lekutan inbertsioa txikiagoa izatea, eta hori ez zaigu justua iruditzen; esaterako, Kontxa oinezkoentzat egiteko proiektuan milioiak gastatu nahi ditu Ernesto Gascok, beharrezkoagoak diren gauzetan inbertitu beharrean. Berdintasunean oinarritutako politikak nabarmentzea gustatuko litzaiguke, hiri eredu inklusiboa eta askotarikoa lortzeko.
Hainbat gai nagusi titular gisa aipatu nahi ditugu, adibidez, etxebizitzaren inguruko politikak. Donostian etxebizitza batera sartzeko aukera izatea gero eta zailagoa da, batez ere, prezioak igotzen ari direlako, eta horretan zerikusia dauka hainbat enpresekin, baita hotelak eraikitzeko ematen ari diren lizentziekin sortu duten espekulazio eta negozioarekin. Turismoak ere lotura du. Guk ez dugu uste turismoa bereziki txarra denik, baina uste dugu bideratuta egon behar dela lortzen diren etekin horiek gizarte osoan isla izan dezaten, eta ez gutxi batzuengan bakarrik. Hori esanda, erronka handi bat daukagu etxebizitza eskubideekin eta turismoarekin, horrek eragin zuzena daukalako donostiar askok gure bizitzetan daukagun prekarietate baldintzetan.
Joan den larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten hirian, udalaren kudeaketa salatzeko. Nola ikusten duzu herritarren parte hartzea udal erabakietan?
Nik uste dut EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernuak bakarrik lau urtean behin galdetzen diela herritarrei. Hauteskundeak iristen direnean galdetzeko grina azaltzen dute, baina ondoren ez dute ezer galdetzen. Horren adibide dira oraindik bete ez diren hainbat hauteskunde proposamen. Adibidez, hor dago Karlos I.aren etorbidearen kasua: legealdiz legealdi egingo dituzten gauzak esaten dituzte, eta gero ez dituzte betetzen. Ni parte-hartze teknikaria izan naiz eta badaude prozedurak eta mekanismoak gure egunerokotasunean garrantzitsuak diren erabaki horiek hiritarrei galdetzeko, eta beraiek erabakietan parte hartzeko. Hiritarrei lau urtean behin bakarrik galdetzea ez da justua.
Zure militantzia eta lan ibilbidea, nagusiki, kultura arloan, eta LGTBI eta feminismoen arloan izan da. Zure esperientziak zer ekar diezaioke Donostiari?
Ez dakit zer ekarriko duen etorkizunak hemendik aurrera, baina egia da interesgarria dela nire profila duen norbaitentzat politikagintzan hastea. Batez ere, udal politikagintzan gertutasunezko politikak egin ahal izateko.
Alde batetik, sinbolikoki izan dezakeen garrantziagatik. Hau da, badirudi nire egoera berdinean dauden pertsonak ez direla inoiz iristen horrelako karguetara, gizartearen muga eta barrera asko ditugulako. Bestetik, izan dudan ibilbide profesionalak laguntzen duela uste dut, eta orain politika instituzionalaren joko-arauetan sartuko den pertsona izan arren, badaukat egunerokotasunaren esperientzia: badakit zer den lan prekario bat izatea, badakit zer den etxebizitza bat erosteko sarrera ordaindu ezin ahal izatea, eta badakit zer den patronalak bere eskubideak bermatzen ez dituen langile bat izatea. Gertutasun horrek badauka plus bat, eta ziur nago politikari guztiek ez dituztela esperientzia horiek bizi izan.
Gauzak dezente aldatu dira azken denboran Podemosentzat, horren erakusle dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak. Nola uste duzu eragingo duela horrek udal hauteskundeetan?
Egia da bi hauteskundeak oso gertu daudela denboran, baina nik uste dut hasi berri den kanpainan badaukagula paper bat jokatzeko. Esan dezaket, aurreikuspen guztiek sekulako gainbehera aurreikusten zutela, eta gainbehera izugarri hori ez dela horrenbesterako izan. Egia da espazio politiko berri bat ireki dela, eta ibilbide horretan egon direla hainbat faktore; esaterako, barne gatazkak, jendeari alderdiaren beste irudi bat eman diotenak. Niretzat positiboa da alderdiaren barnean ahots desberdinak egotea, baina gainerako alderdiek ibilbide askoz luzeagoa daukate, eta zentzu horretan, askoz gehiago dakite ezkutatzen. Gu oso gardenak gara.
Nik esango nukeena da, garen hori izaten jarraitu behar dugula, eta zintzotasunez lana egiten. Hala ere, Donostiari dagokionean, nik uste dut guk badaukagula rol bat jokatzeko, eta justizia sozialean eta berdintasunean oinarrituta dago. Noski, berdintasuna era zabal batean ulertuta. Horretan oinarrituz, nik uste dut jende askoren jakin-mina eta konfiantza piztu ditzakegula. Gainera, kanpaina oraindik egiteke dago, eta ni oso baikor nago.
Lehen aldia da Elkarrekin Podemos Donostiako udal hauteskundeetan aurkeztuko dela. Nola aurreikusten duzu maiatzaren 26a?
Nik oso modu baikorrean aurreikusten dut eguna. Oso kanpaina polita egin dezakegulako, baina gehienbat, maiatzaren 26tik aurrera jendearekin kontatzeko bokazioarekin gatozelako. Martxoan atera ziren inkesten arabera, Irabazik ateratako emaitzak baino hobeagoak aterako ditugu guk. Ni itxaropentsu nago, jakinda kanpainan gizarteratzen ditugun neurriek eta mezuek berebiziko garrantzia izango dutela. Gauza asko gerta daitezke oraindik.