6.000 etxebizitza berri eraiki nahi ditu Ernesto Gascok
Donostian ia 6.000 etxebizitza berri eraikitzeko plana aurkeztu du Ernesto Gascok, PSE-EEko alkategaiak, gaur goizean Txomingo Ibai Parkean egin duen agerraldian. Etxebizitza horietako ia 4.000 –zehazki, 3.742– Donostiako Udalaren Hirigintza sailak aurreikusitakoak dira, eta beste 2.000 etxebizitza Loiolako kuarteletan eraiki nahi dituzte.
Hirigintza sailak aurreikusitako etxebizitzak honako zonaldeetan izango lirateke: Txomineko bigarren fasea, baldin eta Martuteneko kartzela lekualdatzen badute (360 etxebizitza), Infernua (540 etxebizitza), Aldakonea (320 etxebizitza), Antzita (380 etxebizitza), Sarrueta (470 etxebizitza), Illarra (500 etxebizitza), Esnabide (240 etxebizitza), Lorategi Hiria (160 etxebizitza), Añorga (192 etxebizitza) eta Herrerako futbol zelai zaharra (160 etxebizitza). Bestalde, gazteentzako 180 etxebizitza egiteko asmoa dute Intxaurrondon eta Altzan, eta zaharrentzako 240 etxebizitza Manteo eta Ondarretako zonaldeetan.