Donostian euskara ikastea doakoa izatea proposatu du EH Bilduk
Euskararen alorreko eragile donostiarrekin elkartu zen atzo, Reyes Carrere EH Bilduren alkategaia. Euskara sustatzeko neurri zehatzak azaldu zituen Zigor Etxeburua zerrendakideak, Tabakalerako Europako Hizkuntzen Maparen aurrean egindako ekitaldian.
“EH Bildutik proposamen zehatz bat egin diegu Donostiako eragile sozial, sindikal, ekonomiko, politiko eta instituzional guztiei, elkarrekin lan egiteko eta hiri-hitzarmen berri bat egiteko. Eta ze paper jokatu behar du Euskarak hitzarmen berri horretan? Guretzat, funtsezkoa”, azaldu du Etxeburuak.
Donostia hiri anitza dela gaineratu du, “eta euskara ere kohesio elementu izatea nahi dugu”. Euskararen inguruko bost neurri proposatu ditu EH Bilduk.
- Euskara doan ikastea. “Eusko Jaurlaritzari dagokio helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen doakotasuna Hori lortu bitartean, Donostiako Udalak bermatu behar du, bere baliabide ekonomikoez, euskara doan ikasteko donostiar guztien eskubidea”.
- Hizkuntza Aniztasunaren Gunea. “Euskalgintzan eta kultur aniztasunaren esparruan lanean ari diren eragileekin batera sortuko dugu: materiala jaso eta konpartitzeko, ikastaroak emateko, hizkuntza gutxituen artean aliantzak sortzeko…”.
- Euskararen normalizazioari bideratutako dirua handitzea, aurrekontu osoaren %2ra iristeko.
- Auzoetako euskara batzordeak babestea beharrezko tresna eta baliabideak eskainiz.
- Euskararen erabilerarako udal irizpideak betearaztea. Kaleko iruditegian (erakusleihoak, panelak eta abar) euskararen presentzia bermatu eta bultzatuko dute.