EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 26ko udal hauteskundeak azken inkestaren arabera
Azken EITB Focus inkestaren arabera, EAJk irabaziko lituzke datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeak Donostian, bozen %35,1arekin, 2015ean baino bost puntu gehiago, hain zuzen. EH Bilduk ere gora egingo luke, eta bigarren indarra izango litzake botoen %21,2tik (2015) %23,9ra pasatuz. PSE-EEk behera egingo luke nabarmen, 2015ean bozen %24,9a izatetik, %18,9a izatera pasatuko bailitzake 2019an. Azken udal hauteskundeetan ez bezala, non, Irabazi Donostia PPren atzetik gelditu zen, Elkarrekin Podemos koalizioak aurrea hartuko lioke PPri, botoen %9,4a lortuz, popularrak %7,1ean geldituko liratekeen bitartean. 2015ean %7,2a eskuratu zuen Irabazik, eta %9,6a PPk.
Zinegotzi kopuruari dagokionez, jeltzaleak izango lirateke onuradunenak, egungo bederatzi zinegotzietatik hamaika izatera pasatuko lirateke eta. Sei zinegotzi izatetik zazpi izatera pasatuko litzateke EH Bildu, eta PSE-EEk bi galduko lituzke, bost zinegotzirekin geldituz. Elkarrekin Podemosi eta PPri dagokienez, bakoitzak bi zinegotzi izango lituzke, hau da, Elkarrekin Podemosek Irabazik zituen zinegotziak mantenduko lituzke, eta PPk bat galduko luke.
Alkategaien balorazioa
Eneko Goia EAJren alkategaia da nota altuena atera duena, 6,1 puntuko balorazioa (10 punturen gainean) eman baitiote. Gainera, inkestatuen %96,2ak ezagutzen du jeltzalea. Erdiak baino pixka bat gehiagok, %53,8ak, ezagutzen du Reyes Carrere EH Bilduren alkategaia, eta 5,6 puntuko balorazioa dauka. Justu-justu gainditu du Aitzole Aranetak, Elkarrekin Podemosen alkategaiak, 5 puntu eman baitizkiote. Hiritarren artean ezagutza maila baxuena duena da Araneta, %33,7ak baino ez baitu ezagutzen. %82ak eta %83,9ak ezagutzen dituzte Ernesto Gasco PSE-EEren alkategaia eta Borja Senper PPren alkategaia hurrenez-hurren, baina biek suspentsoa atera dute balorazioan: 4,5 puntu eman dizkiote Gascori eta 3,6 puntu Senperri. Bestalde, 2015ean donostiarren %66,65ak boza eman zuen bitartean, %71,5ak emango luke botoa maiatzaren 26an.