Udaleko langileen batzordeak dio udal gobernuak ez dituela konpromisoak betetzen
Donostiako Udalak eta Langileen Batzordeak hilabeteak daramatzate lanpostuen balorazioa berraztertzen. Ordainsari mailak berriz aztertu eta udaleko lanpostu bakoitzaren funtzio zein zereginetara egokitzea dute helburu. Bi aldeek lanpostu guztiak berrikustea adostu zuten lau multzotan bereizita. Ordea, udalak hasierako konpromisoa hautsi duela salatu dute. “Interesatzen zaizkien soldata igoerei bakarrik eman zieten balioa”.
Langileen hiru multzo berrikusi dituzte, eta laugarrena da udal gobernuak berrikusi ez duena. Hau da, langileek edo sindikatuek berrikustea proposatutako lanpostuak. “Onartezina da joko arauak partida bukatu aurretik aldatu eta balorazioa eten nahi izatea langileen edo haien ordezkariek eskatzen dituzten postuak aztertu behar direnean”.
Hori dela eta, Langileen Batzordeak Balorazio Mahaia utzi zuen. “Hitzartutako konpromisoa ez betetzeagatik, eta laugarren multzoa baztertu eta eurei interesatzen zaizkien bakarrak onartu nahi dituztelako”. Horren aurrean, batzordeak udaleko langileei aurki deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu diete.