Donostiak igandean aldaketa bat izatea nahi du Borja Senperrek
Borja Senper PPko alkategaiak hauteskunde kanpainako azken ekitaldia egin du, gaur goizean. “Hiri eta politika desberdin baten aldeko botoa da”, azaldu du Senperrek. Horretarako, boto papera tamaina handian erakutsi du, gainerako zerrendakideek lagunduta.
“Sinetsi nahi dut hiritar hainbatek aldaketa bat nahi dutela, gehiago espero dutela Donostiaren kudeaketaz, politikaz gehiago espero dutela eta akordioetara iristeko gai izan gaitezela alderdi guztiak, eta proposamenak egin daitezkeela arerioa iraindu gabe”, esan du PPko alkategaiak.
PPren zerrendan sinesteko eskatu die Senperrek donostiarrei. “Etorkizunerako begirada bat da, garbia eta ilusioz beterikoa”. Azken hilabeteetan hiritarrei transmititzen ahalegindu dela gaineratu du.