Kontxan, Olano eta Egibarrekin batera itxi du bere kanpaina Eneko Goiak
Igandeko udal hauteskundeetarako kanpaina Kontxako erlojuetan eginiko agerraldiarekin itxi du Eneko Goia EAJren alkategaiak. Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteaz eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaiaz lagundurik, Goiak adierazi du hauteskundeetan jokoan dagoena “etorkizunera begiratzen jarraitzea ala iraganera itzultzea” dela.
EAJri ematen zaion bozka “biderkatzailea” dela azpimarratuz, “geldialdi berririk eta atzera egin gabe martxan jarraitzeko aukera eraginkorrena” eurena dela azaldu dute hiru alderdikideek. Horregatik, “erabateko mobilizaziorako” deia luzatu diete herritarrei, igandean EAJ hauteskundeetako garaile bilakatu dadin.
Aste hauetako ibilbideari erreferentzia eginez, hauteskunde kanpaina modu “oso positiboan” baloratu du Eneko Goiak, bere alderdiak egin dituen proposamenak azken lau urteetako lanarekin bat egin dutela nabarmenduz.
EAJko kideek agerraldia egin bitartean, LAB sindikatuak eta Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek protesta egin dute hondartzan, euren lan baldintzak eta erabiltzaileen zaintzak hobetuko lituzkeen hitzarmen duin baten alde.
Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek Kontxako hondartzara eraman dituzte euren aldarrikapenak #EmakumeakBorrokan https://t.co/V0WwxdDQFK pic.twitter.com/bLQTFCQwOP
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) May 24, 2019