Hitzaldi eredu berri bat plazaratuko du Bazinen Behin egitasmoak
Hau ez da beste hitzaldi tradizional bat lelopean zuzeneko zein sareko edukiak sortzeko jaio da Bazinen Behin egitasmoa. Zaratarik gabe azaleratu dira sare sozialetan, eta estreinako jardunaldia antolatu dute. Bihar izango da Kontadores zentroan 20:00etan. Ane Labaka bertsolariak, Xabier Madariaga kazetariak eta Mikel Irazusta umoregileak parte hartuko dute.
“Kontsumo eta komunikazio joera berriak geroz eta laburragoak bilakatzen ari diren honetan, hitzaldiek izan ohi duten izaera zurrun eta astuna alde batera utzi eta hitzaldi modelo berriak sortzea da helburua”, adierazi dute. “Euskara ikasten ari direnentzat lagungarri izateko ez ezik, euskal komunitatearentzat interesgarria, eraikitzailea eta aberasgarria izango den proiektua sortu eta gorpuzteko asmoa” dute.
Osteguneko ekitaldiak hiru hitzaldi izango ditu. “Bakoitza hamar minutukoa eta tonu arin eta gertuko batean landuak”. Umorea izango du oinarri. Lehen hitzaldiak Aditua du izena, eta Ane Labaka bertsolaria izango da. Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik ikerketaz ariko da. Bigarren hitzaldia Kontrastea izango da, eta horretaz Xabier Madariaga kazetaria arduratuko da. “Profil oso mugatua duen euskal pertsonaia bat, aurkako gaiari buruz hizketan”. Hirugarren eta azkena, Aritua hitzaldia izango da. Mikel Irazusta umoregileak osatuko du ekitaldia.
Ondoren, Ez hitzik jan atala egongo da, zuzenekoan parte hartu duten hizlariak eta ikus-entzuleak batuko dituen atala. Bertan, dastatzeko janaria eta edaria egongo da, eta ikus-entzuleek euren artean zein hizlariekin solasteko tartea edukiko dute, entzundakoaren inguruan hausnartu eta ideiak elkarren artean partekatzeko tartea.