14. Belaunaldiarteko Krosa egingo du Zorroaga Fundazioak
Datorren igandean, ekainaren 9an, 14. Belaunaldiarteko Krosa egingo du Zorroaga Fundazioak, entitatearen egoitzako lorategian. Zorroaga zentroan bizi diren adineko pertsonen eta euren senideen—seme-alabak, bilobak eta birbilobak— arteko bizikidetza sustatzea du helburu 2005ena hasi zen kirol egitasmoak, baita adineko pertsona horiekin zerikusirik ez duten pertsonei zentroko ateak irekitzea ere.
Lasterketan parte hartuko dute 8 eta 14 bitarteko gazteek —500 eta 1.500 metro arteko lasterketetan parte hartuko dute, kategoriaren arabera—, eta 50 urtetik gorako atleta beteranoek. Beteranoen taldean, 50 eta 60 urte arteko kategoria bat egongo da (1000 m) eta 60 urtetik gorakoentzako beste bat (750 m).
Gainera, krosak kategoria berezi bat izango du, Zorroagan bizi diren adineko pertsonek ere parte hartzeko aukera izan dezaten. Pertsona horiek oinez egingo dute lasterketa, euren senideen eta boluntarioen laguntzarekin, beharrezkoa izanez gero.
Eva Esnaola atletari omenaldia
Urtero bezala, aurten ere kirolari bat omenduko du fundazioak. Hain zuzen, Hernani kirol klubeko Eva Agesta Esnaola (Urnieta, 1960) gipuzkoar atletari omenaldia egingo diote aurten. Atleta honek 50 urtetik gorakoen lasterketan parte hartuko du. Ultra-iraupen lasterketetan espezialista da, eta Spartathon lasterketan parte hartu duen emakumezko espainiar atleta bakarra da; 2014ko edizioan hirugarren postuan amaitu zuen.
Gaur egun, 12 orduko marka nazional absolutu onena dauka, baita IAUren munduko W55 txapelketetako 24, 12 eta 6 orduko zein 50 kilometroko modalitateetako marka onena ere. Espainiako selekzioarekin, IAUren 24 orduko munduko txapelketetan parte hartu du, bai Katowicen (2012), bai Belfasten (2017).