Eneko Goia, Moraza kaleko eraikinari buruz: "Osasun baldintzak benetan txarrak dira"
Moraza kaleko lehen zenbakia okupatu dute etxebizitza alternatibarik ez duten gazte batzuk. (Argazkia: Iñaki Agirre) Eneko Goiak kazetarien galderak erantzun ditu Moraza kaleko eraikin okupatuan Ertzaintzak atzo eginiko operazioen harira. Jarduneko alkateak azaldu du gaia “konplexua” dela eta kasua epaitegietan dagoela, eta udalaren jarrera epaileak esaten duena betetzea izango dela adierazi du.
Epaileak eskatuta, udalak joan den astean eraikinaren osasungarritasuna aztertu zuela argitu du Goiak, eta etxebizitzaren osasun baldintzak “benetan txarrak” direla jakinarazi du. Ondorioz, “gutxieneko baldintza batzuk betetzen direla bermatzeko”, eraikinaren jabeari neurriak hartzea exijitu diotela azpimarratu du.
Bizilagunei dagokienez, kexa asko jaso dituztela gaineratu du jarduneko alkateak, eta haiekin bilera bat aurreikusita duela zehaztu du.


