Gazte magrebiarrak estigmatizatzeko estrategia salatu dute Moraza kalean
Eraikin okupatuaren kanpoaldean eginiko prentsaurrekoan, atzoko gertakarien inguruan hedabideek zabaldutako bertsioak "okerrak" direla adierazi dute. Goizeko operazioan Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen, eta gauekoan, berriz, beste lau gazte eraman zituen.
Modahara taldeko eta Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko kideek agerraldia egin dute Moraza kalean, horko eraikin okupatuan atzo gertatutakoa azaldu eta biztanleek jasan zituzten erasoak salatzeko. Izan ere, komunikabideek Ertzaintzak goizean eginiko operazioaren inguruko “bertsio okerrak” zabaldu dituztela adierazi dute, faltsuak diren hainbat gauza erreproduzitu direla azpimarratuz.
Lehenik eta behin, poliziaren sarrera justifikatzeko eman den arrazoia okerra dela argitu dute. Operazioa justifikatzeko, ertzainek aurretiko ustezko desalojo bat aipatu dutela adierazi dute prentsaurrekoan. Hainbat hedabidek azaldutakoaren arabera, gazteek eraikinaren atea apurtu zutela jakin zuen poliziak, eta hori dela eta joan ziren Moraza kalera. Modahara eta Letamaneko kideek, ordea, hori zentzugabekeria bat dela esan dute, gazteek eraikinean bederatzi hilabete daramatzatela nabarmenduz.
Poliziak eraikinaren ateko giltzarrapoa apurtu zuela salatu zuten gazteek, eta haietako asko oraindik lo zeudela, kolpeka etxetik kanporatzen hasi zirela adierazi zuten. Gaurko prentsaurrekoan, inolako agindurik erakutsi ez zietela zehaztu dute: “Sarrera azalduko lukeen ordena eskatzean, behean zegoela esan zieten, ondoren egia ez zela egiaztatu zen arren”.
Bortizkeria eta zaurituak
Goizeko operazioan poliziak agertutako jarrera bortitza ere mahaigaineratu dute. Etxebizitzako biztanleak eraikinetik kolpeka kanporatu zituztela salatu dute, eta agenteak pistolekin mehatxuak egitera iritsi zirela azpimarratu dute. Kristalezko ate baten kontra bultzatu zuten gazte bati zortzi puntuko zauria egin ziotela gaineratu dute goizeko agerraldian.
Komunikabideek euren titularretan nabarmendu zituzten sei polizia zaurituei erreferentzia eginez, berriz, lekukoek ertzain zauriturik ikusi ez zutela adierazi dute. Gainera, kanpoaldean polizien ustezko gehiegikeriak salatzen ari zen herritarretako bati Mozal Legea aplikatu diotela jakinarazi dute.
Estigmatizazio estrategia bat
Era berean, gazte hauentzat, poliziak atzo izandako jarrera gauza ohikoa dela nabarmendu dute prentsaurrekoan: “Etengabe sufritzen dute autoritatearen boterearen gehiegizko erabilera. Probokazio hauekin batera, egunero jasan behar dituzte publikoki arrazoi nabarmenik gabeko miaketak, eta baita abusu eta pertsekuzio konstanteak ere”.
Hain zuzen, atzokoa bezalako operazioekin poliziak “gazte hauen itxura okertzea” bilatzen duela adierazi dute: “Estigmatizazioaren bidez enplegu eta alokairu duin bat aurkitzeko bidea zailtzen diete, hori izanik gazte hauek duten desira handiena”. Horregatik, komunikabideek halako kontuei buruz hitz egiterakoan izan behar duten ardura berriro ere azpimarratu dute, gorroto diskurtso xenofobo eta arrazistak ez sustatze aldera.
Morazako eraikineko biztanleek etxebizitza alternatibarik ez dutela gogorarazi dute Modahara eta Letamaneko kideek: “”Donostian aterpe publiko bakarra dago, eta honek bertan hiru hilabeteetan hiru gau baina ez die pasatzen uzten”. Hori dela eta, kale gorrian bizitzera bultzatu nahi dituztela salatu dute, beste inolako irtenbiderik ematen ez zaielako.
Elkarretaratzea udaletxean
Kalean bizi diren hiriko gazteen “kolektibo ikusezin” honen egoeraren berri eman eta egunero sufritzen dituzten “presioak” salatzeko, Modahara taldeak eta Letaman gaztetxeak elkarretaratzea deitu dute ostiralerako. Udaletxearen aurrean bilduko dira, 11:30ean, “jasandako abusuei aurre egiteko bide bakarra salaketa publikoa egitea dela” uste dutelako,. Protestan parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei.