Fernando Errek umorezko esketxak idazteko gidaliburua argitaratu du
Fernando Erre gidoigile donostiarrak Como tener exito escribiendo sketches gidaliburua plazaratu du. Bi hamarkada inguru daramatza umorezko esketxen gidoiak idazten, eta programa ezagunetarako lan egin du. Hala nola, Vaya Semanita, Vaya Tropa, Irrikitown eta Hoy no… mañana. IRUTXULOKO HITZAk Erre elkarrizketatu du, gidaliburuaz eta umorezko esketxez hitz egiteko.
“Gidoiak idazten hasi nintzenean, eta argi ikusi nuenean horrelako gidoiak idatzi nahi nituela, ez nuen eskura inolako gidalibururik. Vaya Semanita saioa egiten genuen garaian hutsune hori nabaritu nuen, eta gerora ere horrelako gidarik ez zegoela konturatu nintzen. Egun batean ikusi nuen nire idazketa eta ideiak zehazteko baliagarria izan zitekeen eskuliburu bat idatz nezakeela”, dio Errek.
Hain zuzen ere, umorezko esketx bat edonork idatz dezakeela uste du donostiarrak. “Nik uste dut baietz. Idatzi dudan gidaliburuaren helburuetako bat da. Edonork idatz dezake esketx bat, beti ere interes berezia badu horretarako. Idazten ikas daiteke, teknika bat duelako”.
Erreri egindako elkarrizketa osorik irakurri ahal izango da biharko astekarian.