Baratzeko irakaspenak
Larramendi eta Intxaurrondo Hegoako ikasleek astean behin baratzera joateko aukera izan dute, nekazaritzaren nondik norakoak ezagutzeko. Mattin marrazkilaria da Etxekolanda egitasmoaren dinamizatzailea.
Udara izan ohi da baratzeko urtaro oparoena, baina uzta jaso ahal izateko beharrezkoa da urte osoko lanketa. Hori eta beste hainbat ezagupen jaso dituzte ikasturtean zehar Larramendiko eta Intxaurrondo Hegoa eskolako ikasleek, Etxekolanda egitasmoari esker. Cristina Enea Fundazioak eta Donostia Kulturak duela sei urte sustaturiko proiektuak ikasturteko programa eskaintzen die ikastetxeei, hiriko baratzen erabilera ikasi eta sentsibilizazio ekologikoa bultzatzeko helburuarekin.
Ikasleek eta irakasleek elkarrekin lantzen dute baratzea astean behin, ordu eta erdiz, proiektuko begiralearekin batera, eta 2016 -17 ikasturtetik Iñaki Martiarena Mattin dabil lan horretan. Marrazkilaria izateagatik ezaguna da, baina nekazaritzako formazioa ere badu, eta egun, bietan dabil. «Intxaurrondo Hegoakoekin Intxaurrondoko kultur etxean den ortuan aritu gara urritik, astero astero, eta Larramendikoekin, aldiz, Lugaritz kultur etxeko terrazan dagoen baratzean», azaldu du. Euria ari duenean, berriz, kultur etxeko gelaren batean gai teorikoak lantzen dituzte, ikus-entzunezkoen bitartez, eta jolasak erabiliz.
Prozesuaren garrantzia
«Nekazaritzaren maneiu egokia irakasten diegu gazteei, eta nekazaritzaren inguruko kultura transmititzen saiatzen gara: hiztegia, ohiturak, elikadura, eta abar», azaldu du Antiguakoak. Egitasmoaren helburuak lortzeko metodologiak duen garrantzia nabarmendu du: «Saioak ahalik eta praktikoenak izaten saiatzen gara, horrela barneratzen baitute ikasleek gaia hoberen». Baratzeak behar duen prozesuaren berri izateak gazteentzat onura asko dituela azaldu du, eta uzta jasotzea «oso atsegina» den arren, beste aspektu asko ere lantzen dituztela kontatu du: konposta edo luarra nola egiten den ikasten dute, zizare bidezko konpostaren nondik norakoak ezagutzen dituzte, baratzeko barazkiak eta landareak identifikatzen dituzte, landareak birlandatzen ikasten dute, hazitegia zaintzen dute, arba jartzen dute, lurra ongarritzen dute, eta abar.
Antiguako Larramendi eskolako 4. mailako ikasleek, esaterako, taldeka egiten dute lana baratzean. Mattinek azaldu duenez, taldea bi talde txikiagotan zatitu zuten ikasturte hasieran, eta astero bi taldeetako bat jaisten da ikastolatik Lugaritzeko baratzera. Horrela, ikasle bakoitzak bi astetik behin izan du baratzera joateko aukera. Marrazkilariaren arabera, talde txikiek gauzak lantzeko «aukera gehiago» ematen dituzte, eta horrela, ikasle guztiek dute egin beharreko lanak egiteko aukera. Gainera, kontatu du baratzearekin zerikusi zuzena ez duten beste hainbat balio ere lantzeko aukera ematen dutela saioek, esaterako, ikasleen arteko lankidetza, behaketa eta taldean lan egiteko gaitasunak.
Adibidez, taldeko batzuk konpostaren edukiontzia elikatzen ari diren bitartean, beste ikaskide batzuk baratxuriak lurretik ateratzera joan daitezke. Askotariko barazkiak eta landareak erein dituzte aurten, besteak beste, zerba, errefautxoa, baba, erromeroa, aza, uraza, baratxuria, eta tipula.
Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, saio pare bat besterik ez zaizkie gelditzen Larramendiko eta Intxaurrondo Hegoako ikasleei. Mattinek onartu du baratzearen erritmoa ez denez ikasturtearen berdina, pena dela ikasleek uztaren oparotasuna ez ikusi ahal izatea. Hala ere, Ikasturtean egindako prozesua oso aberatsa izan dela baieztatu du, bai ikasleentzat eta baita beretzat ere. Udako oporrak iristear daude ikasleentzat, baina baratzeak ez du atsedenik hartzen. Mattinek ere buru-belarri jarraituko duela adierazi du, eta asteburu honetan, esaterako, Ficoban egingo duten Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko azokan ikastaro bat eskainiko du.