Zapia jarriko diete auzoko jaioberriei
Eguraldi iragarpen ezegonkorrei irribarre egiten diete Larratxoko jaiek. Atzo hasi ziren, eta astelehenera bitarte ondo pasatzeko hamaika jarduera dituzte.
Larratxoko jaiekin abiatzen dira uda garaiko festak. «Horregatik, jendeak gogoarekin hartzen ditu», dio Miren Garcia Larratxoko jai batzordeko kideak. Atzo hasi ziren, eta astelehenera bitarte giro ona bultzatzeko egitaraua prestatu dute. Izan ere, eguraldi ona ez dute lagun izan azken urteetan, eta aurten ere iragarpenak erdipurdikoak dira. «Larratxoko jaietan normalean euria egiten du, baina ohituta gaude dagoeneko, eta auzotarrek berdin gozatzen dute egun hauetan».
Berrikuntza batzuk sartu ditu jai batzordeak egitarauan. Esanguratsuena eta politena gaur arratsaldekoa izango da. «Azken urtean jaiotako haurrei jaietako zapia jarriko diegu, 17:00etan. Zerrenda bat egin dugu, eta hamarretik gora dira zapia jasoko duten haurrak. Auzotarren artean harrera ona izan du», azaldu du Garciak. Larratxo Selfie lehiaketa da beste berrikuntzetako bat, 18:30etik aurrera egingo dutena. «11 eta 16 urte bitartekoei zuzendurikoa da. Konturatu ginen adin tarte horretarako ez genituela proposamen asko. Gazteak egun osoa mugikorrarekin dabiltzanez, ideia berezi hau izan dugu». Gaur ere, rap doinuei tarte berezia eskainiko diete oilar demarekin (21:30) eta musika jaialdiarekin (23:00).
Bihar zumba saioa eskainiko dute estreinako aldiz eskolako jolastokian (12:00), eta ohiko paella txapelketa izango da protagonista. «Bikote askok parte hartzen dute eta arrakastatsuena da. Irabazleek Arzak jatetxean otordu bat egin ahal izango dute». Beste klasiko bat da gaueko rock kontzertua. Aurten, Anonimos, Hail Noise eta Kauce taldeak ariko dira zuzenean (00:00).
Igande goizean, berriz, Minimoto DMT erakustaldia errepikatzea erabaki dute iazko harrera onaren ondoren. Sagardo eguna eta zikiro jana ere ez dira faltako. Azkenik, astelehenean haurren eguna izango da.