Miramonen beste hotel bat egiteko lizentzia onartuko du udalak
Noticias de Gipuzkoa egunkariaren arabera, udalak asteartean emango du lizentzia. Baimena emango du Dulce Maria Loynaz kalean, Onkologikoa eta eliza mormoiaren inguruan, eraikin bat egiteko. Urbialde Iru izango da promotorea, eta sei hilabeteko epea izango du lanekin hasteko. 2021eko bukaerarako eraikitze lanak amaitu beharko ditu.
Ez da Miramongo lehen hotela. 2017an Arima hotela ireki zuten. Azken hiru urtean Donostian ireki diren hotelen zerrenda errepasatu du Noticias de Gipuzkoak erreportaje berean: Groseko Arrizul Congress, Sansebay, Akelarre, Tabakalera One Shot, Villa Birdie, Arima, Lasala Plaza, Gorka Room Mate, Villa Victoria Intur, Unanue Zar, People Rentals-en apartamentuak Lorean eta Pio XII.aren kaleko Casual.
Eraikitzen ari direnak ere aipatu dituzte: San Bartolomeko Catalonia, Amarako Axel, Hondarribi eta San Martin kaleko Basati eta Andre Mariaren Mirabeak-eko Zenit. Parte Zaharreko Kale Nagusiko hotela egiteko lanak ere abiatu dira, eta aurrera doaz Zubieta kaleko 3. zenbakiko hotelarenak eta baita Londres hotela zabaltzekoak ere. Bestalde, Loiolako Erriberan The Student Hotel izeneko hotela egitea aurreikusita dago, beste bat Frantzia pasealekuan eta beste bi Mirakontxako etxeetan. Mahai gainean daude baita ere Illunbekoa eta Uliakoa.