Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak egingo dituzte ekainaren 12an eta 13an
Jardunaldiak aurkeztu dituzte Denis Itxasok eta Jon Insaustik, besteak beste. (Argazkia: Donostia Kultura) Hamabigarren Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak egingo dituzte aurten, ekainaren 12an eta 13an. Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan egingo dituzte lehen egunean, eta Txillida Lekun bigarrenean. 2008an hasi ziren jardunaldi hauek egiten, Felipe Juaristiren, Juan Ramon Makusoren, Pello Otxotekoren eta Aritz Gorrotxategiren eskutik.
19:30ean hasiko da ekainaren 12ko emanaldia, Martin Etxeberria, Aintzane Galardi, Jon Gerediaga, Gorka Salces eta Antonia Vicens poetek emango dute errezitaldi musikatua, eta Jon Makusoren eskutik izango da biolin emanaldia. Klubera sartzeko gonbidapenak Viktoria Eugeniako lehiatilan eskatu beharko dira.
Txillida Lekuko emanaldia 19:00etan hasiko da, Clara Janes poesian adituaren hitzaldiarekin. Ondoren, Julia Otxoa eta Juan Kruz Igerabide poetek errezitaldia emango dute, eta Jon Makusok eta Marcel Moixek jarriko dute musika, biolin barrokoa eta oboe barrokoa joaz, hurrenez hurren.

