Aukeratu dituzte 2019ko Kimuak katalogoko zazpi film laburrak
Hautatu dute 22. Kimuak programan zabalduko duten film labur sorta; hain zuzen, zapi lanek osatuko dute katalogoa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez katalogo berriak fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma desberdinetako dokumentalak jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, bi gaztelaniaz eta bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, ez dauka dialogorik.
Kimuak proiektuak euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Hautatuak suertatu diren film laburrak nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dituzte gaurtik hasita.
Honakoak dira 2019ko Kimuak programako katalogoa osatzen duten film laburrak:
- Artiko: Josu Venero eta Jesus Mari Lazkano.
- El infierno: Raul de la Fuente.
- Labo: Jesus Maria Palacios.
- Leyenda dorada: Ion de Sosa eta Chema Garcia Ibarra.
- Lursaguak (Escenas de vida): Izibene Oñederra.
- Mateoren ama: Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga.
- Medvedek: Ainhoa Gutierrez del Pozo.
Mateoren ama lana da euskarazko filmeetako bat; Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagak idatzi eta zuzendu dute, eta Iban Zaldua idazle donostiarraren Ama ipuinean oinarrituta dago. Aktoreak Iñigo Aranburu, Mariasun Pagoaga, Itziar Aizpuru eta Aitziber Garmendia izan dira.
Film laburrak aukeratzeko batzordea honako kideek osatu dute: Carlos Plaza –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria–, Carmen Serrano –Andaluziako Juntako Cortometrajes Andaluces film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea–, Garbiñe Ortega –Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta emanaldiak egiteko proiektuko zuzendaria–, Roberto Barrueco –Bartzelonako MECAL Nazioarteko Film Labur eta Animazio jaialdiko zuzendaria– eta Ruth Perez de Anucita –Donostia Zinemaldiko Komunikazio Arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea–.
Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dute Kimuak programa, eta 20 urte daramatza euskal film laburrak ikusgai egin eta ezagutarazten. 1998tik 800 film labur baino gehiago aurkeztu dira Kimuak-era, eta guztira 137 aukeratu dira katalogorako. Urteroko uzta onena nazioarteko jaialdi eta topaketa profesionaletan banatzen den katalogoan jasotzen dute.