Datorren denboraldirako ekipazioa aurkeztu du Realak
Alexander Isak jokalari suediarraren aurkezpen ekitaldian, datorren denboraldirako beste berrikuntza bat agertu zuen Realak. Talde donostiarrak hemendik aurrera erabiliko duen ekipazioak ikusmina piztu du zaleengan, koloreak eta estilo marraduna mantentzen dituen arren, hainbat berritasun dituelako.
Kamisetaren itxura honela deskribatu du klubak bere oharrean: “Begiratu batean, marra bertikal mitikoetan aldaketa nabaritzen da. Marra urdinek galburu baten antza dute. Honek joera markatzen du eta batzen gaituzten koloreen bat-egitearen sentsazio sotila sortzen du. Gure ezkutua bihotzaren parean kokatzen da. Macronen logoa berria ordea, beste aldean”. Galtza zuria izango da eta azpildura urdinak edukiko ditu. Galtzerdiek, berriz, bi marra horizontal urdin izango dituzte, galburuen antzekoak hauek ere.
Diseinuaz gain, ekipazioaren MPerformance System ehuna eta zulo transpirableak nabarmendu ditu Realak, eta lehendabiziko aldiz, kamiseta txuri-urdina teknologiaz hornitua egongo dela azpimarratu du. Hain zuzen, albo batean, zaleek mugikorrarekin eskaneatu ahal izango duten QR kode bat izango du ekipazioak, denboraldian zehar sortuko diren eduki bereziak ikusteko balioko duena.
Kamiseta datozen egunetan Realaren denda ofizialean eta bere webgunean salgai egongo dela jakinarazi du klubak.