Antiguan dantza eta musikarekin piztuko dute San Joan jaia
Antiguotarrak Dantza Taldeak sanjoanetako egitaraua antolatu du aurten ere, auzoko hainbat eragileren laguntzarekin. Luberri abesbatzaren eta Txirain elkartearen urteurrenek bat egingo dute festarekin.
Jaiak joan den asteburuan hasi bazituzten ere, Antiguan oraindik festarako tarte luzea geratzen zaie auzotarrei. Izan ere, Antiguotarrak Dantza Taldeak egitarau sendoa osatu du jaietarako, urteroko legez, musika eta dantza oinarri gisa hartuta.
Festaren lekukoa Luberri abesbatzako kideek jasoko dute gaur 20:00etan, Mikel Laboa plazako frontoian eskainiko duten emanaldiarekin. Abesbatzaren 10. urteurrena denez, auzoko dantza taldeak leku berezia eskaini nahi izan dio jaien egitarauan, eta ikuskizun ederra izango delakoan, pilotalekua jendez gainezka egotea espero dute.
Musikak etenik izan gabe jarraituko du larunbatean, Ez don/k 13. Antiguotarrak hamalau jaialdiarekin. Izan ere, frontoian egingo den afari herrikoiaren ostean eta sagardoak ongi lagunduta, beste urtebetez agertokira igo eta 1992ko abestiak kantatzeko aukera izango dute auzotarrek, era askotako ikuskizunen artean.
Aurretik, haur eta gazteek ere jaietan parte hartzeko aukera izango dute. Hain zuzen, goizean Auskalo aisialdi taldeak bere olinpiadak antolatuko ditu Benta Berriko kantxetan, eta arratsaldean, berriz, Haurtxokoak eta Gaztelekuak hainbat jarduera egingo dituzte Jose Maria Sert plazan.
Festetako apustu nagusia, ordea, datorren astebururako utzi dute dantza taldeko kideek. Izan ere, ilusio handiz antolaturiko Dantza Eguna ekainaren 22an ospatuko dute auzoan, egun osorako egitarauarekin.
Berritasun gisa, jaialdia larunbat batean egingo dute lehen aldiz, eguneko emanaldietara are jende gehiago erakartze aldera. Goizean, Diana, kalejira eta euskal dantza emanaldia izango dituzte, eta arratsaldean, berriz, Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizunaz gozatu ahal izango dute frontoian, sardina jate arrakastatsuarekin batera.
Igandean, azkenik, San Joan sua pizteko ordua iritsiko zaie Antiguakoei, dantza, konjuru eta lore sorten artean udarari ongietorria emateko.
Auzo parte-hartzailea
San Joan jaien antolakuntzan, auzoko hainbat eragilek eskaintzen dieten laguntza azpimarratu dute Antiguotarrak Dantza Taldeko kideek: “Auskalo, Txantxarreka gaztetxea, presoen aldeko taldea, Txirain elkartea, Platerotarrak Mendi Taldea… auzoko eragile eta bizilagun askoren laguntzari esker osatzen dugu urtero egitaraua”. Gainera, dantza taldean hainbat belaunaldi egoteak antolakuntzari ematen dioten aberastasuna nabarmendu dute: “Auzoko jaien etorkizuna bermatuta dago”.
Xabier Amuriza, Txirainen 20. urteurrenean
Txirainen 20. urteurrena dela eta, auzoko elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu jaien egitaraurako. Lehena ekainaren 21ean egingo dute, 20:00etan, Xabier Amuriza idazle eta bertsolariaren eskutik. Etxanotarrak doako sorkuntza saio bat eskainiko du Txirainen, kanta, poema, kopla eta bertsoekin, eta ondoren, afaria eta lagunarteko kantu saioa izango dituzte elkartean. Afarirako txartelak 18 euroan eskuratu daitezke 943312854 telefonora deituta.
Ekainaren 23an, berriz, Atariko Jaia egingo dute goizean zehar: 12:00etatik 14:00etara, toka txapelketa, horma-irudi baten margoketa eta pintxo dastaketa egingo dituzte elkartearen kanpoaldean.