DRApVET
Axular ikastolako ikasle batzuek ‘Drapvet’ kanta sortu dute; Dravet sindromearen inguruan kontzientzia piztea izan dute helburu.
Axular Lizeoa Ikastolako ikasleok, Dravet sindromearen hilabetea dela eta ikastolako 50. urteurrena dela aprobetxatuz, zerbait berezia prestatzea erabaki genuen. Hori dela eta rap bat idaztea eta abestea pentsatu genuen gure ikastolako komunikabidea den Axular News-en zabaltzeko (News.axular.org). Horretarako, LH5 eta LH6ko hiru ikasle bildu ginen: Markel Uranga, Ander Ezpeleta eta Jon Garcia.
Bagenekien ikastolaren baloreekin bat zetorren abestia sortzen ari ginela, izan ere, gure egunerokotasunean asko nabaritzen dugu ikastola inklusibo batean gaudela, eta horrek harro sentiaraztera bultzatzen gaitu. Komunitate osoari zuzentzea dugu helburu, horregatik IRUTXULOKO HITZAri ere eskerrak eman nahi dizkiogu honelako konpromisoa eskatzen duen lan bat erakustera emateagatik. Eta bide batez, honelako beste hainbat ekimen ere bideratzen ditugula erakutsi nahi dizuegu www.axular.net helbidean aurkitu daitezkeenak.
Guretzat oso dibertigarria izan da grabaketa aurrera eramatea, baina lotsa ere pasa genuen. Dena den, argi geneukan gure laguntasuna eskaini nahi geniela Dravet sindromedun pertsonei, beraz, pozik gaude emaitzarekin. Gustatuko litzaiguke jakitea benetan jendea kontzientziatzen lagundu dugun, espero dugu baietz. Nahiz eta keinu txikia izan, espero dugu Dravet komunitatearentzat polita izatea!