Plaza betetzeko egitaraua dute
Ikasbide kultur elkartearen Amara Berriko jaiek ohiko jarduerak izango dituzte, gaurtik hasita.
Auzotarrek gustuko duten egitaraua mantentzeko ohitura du Ikasbide kultur elkarteak. Gaur hasiko dituzte Amara Berriko jaiak, eta lau eguneko festa antolatu dute. Gaurtik igandera bitarte Probestu plazan elkartuko dira. Hilaren 23an, berriz, San Joan bezperarekin biribilduko dituzte festak Anoeta estadioaren aurrean.
«Kirola eta gastronomia dira gure jaien oinarria», dio Juan Martin Urkola Ikasbide elkarteko zuzendariordeak. Beste bereizgarrietako bat da txupinaren ostean ematen duten ohorezko domina. «Ez dugu urtero egitea lortu, baina saiatzen gara Ikasbideri ekarpena egin duten pertsonak omentzen». Horrela, aurten domina jarriko diote Josetxo Irastorza auzotarrari. «Ikasbide ikastolaren sorreran egon zen, eta betidanik kantuan ibili da Kantujira taldearekin eta beste hainbat kantalditan». Gaur 19:30ean izango da txupina, eta jarraian ohorezko dominaren ekitaldia. «Omenaldi polita prestatu diogu», aurreratu du Urkolak.
Gaurtik igandera bitarte adin tarte guztientzako ohiko egitaraua izango dute Amara Berriko Probestu plazan. Haurrentzako jarduerekin batera, kalejira egingo dute Ikasbide elkarteko buruhandi, erraldoi eta dultzaina jotzaileekin. Afari herrikoiarekin, DJ Mendiren musikarekin eta zezensuzkoarekin osatuko dute eguna.
Biharko antolatu dituzte aurreneko gastronomia eta kirol jarduerak. Haur eta helduentzako toka txapeketa 12:30ean, izango da eta paella lehiaketa 13:00etan. Arratsaldean, haurrentzako egitaraua prestatu dute. Puzgarriak jarriko dituzte plazan eta Zirika Zirkus taldeak Zinemaz Blai antzezlana eskainiko du 17:30ean. «Auzoko haur asko hurbiltzen dira gure festetara, eta horregatik egitarauan tarte berezia eskaintzen diegu», dio Urkolak.
Bazkari solidarioa
Azken bi urteetan Zaporeak taldearentzako dirua biltzeko bazkari solidarioa egin dute. Aurten, ordea, lanpetuta dabiltza eta ez dute elkarrekin egingo. Ordea, etzirako, zikiro jatea antolatu dute (14:00), eta dirua bilduz gero Gobernuz Kanpoko Erakunde bati emango diote. Horrez gain, pala finalak (11:00), dantzarien emanaldia (12:00), haurrentzako Futbol 3 txapelketa (16:00) eta Juanlu Aranbururen kantaldia izango dute (17:00), besteak beste.