Kontxako eta Urgulleko liburutegiek eskaintza zabala izango dute udan
Donostia Kulturak zerbitzu berriak eskainiko ditu udan Kontxako Eguzkiteka liburutegian eta Urgulleko liburutegian. Larunbatean, ekainaren 15ean, ireki zuten Kontxa pasealekuaren azpiko espazioan, garai batean Rotonda diskoteka zegoen lekuan, kokatutako Eguzkiteka liburutegia, eta uztailaren 1ean irekiko dute Urgullekoa. Bestalde, Intxaurrondo Kultur Etxea zabalik egongo da abuztu osoan zehar, goizeko ordutegian eta astelehenetik ostiralera.
Hirugarren urtez zabaldu dute Eguzkiteka liburutegia, eta irailaren 15era arte egongo da erabilgarri, egunero 11:00etatik 19:30era. Haurrei zuzendutako jarduerak egingo dituzte batez ere, hala nola, egunero 17:00etan Lur Kortaren taldearen eskutik egingo duten ipuin kontaketa saioa. Bestalde, uztailean eta abuztuan 0 eta 3 urte arteko umeentzako Liburu Baby Kluba saioak egingo dituzte, egunero 11:15ean. Saio horietan, haurrak heldu batekin egon beharko dira, eta helduak ere jardueran parte hartu beharko du. Literaturarekiko, naturarekiko, musikarekiko eta artearekiko interesa piztea da helburua.
Eguzkitekako helduentzako jarduerei dagokienez, ekainaren 18an eta uztailaren 10ean irakurraldiak egingo dira. Lehenengoan Jorge Luis Borgesen Historia de dos que soñaron eta La puerta abierta ipuinak irakurriko dituzte, eta bigarrenean Mario Benedettiren Udaberri-kantoi hautsia. Aipatzekoa da, baita ere, liburutegian dagoen bilduma %27 hazi dela eta 2.325 dokumentu dituela guztira. Bildumaren %84 liburuak dira, horien %56 gaztelaniazkoak, %32 euskarazkoak, %6 ingelesezkoak eta %6 frantsesezkoak direlarik.
Damen Baterian kokatutako Urgulleko liburutegia, aldiz, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da zabalik, egunero 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Haur, gazte eta helduentzako liburu, egunkari eta joko eskaintza zabala egongo da Urgullen, eta astelehenetan eta ostegunetan haurrentzako ipuin kontaketak egingo dituzte, 17:00etan.