Ella Fitzgerald omenduko dute aurtengo Jazzineman
Jazzinema jaialdiaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, uztailaren 4etik 26ra izango dena, eta Ella Fitzgerald (AEB, 1917-1996) jazz artista historikoa omenduko dute, Leslie Woodhead dokumentalista britainiarrak aurten egindako Ella Fitzgerald: Just One of Those Things filma estreinatuz. Euskadiko Filmategiak antolatzen du urtero Jazzinema Tabakaleran, Donostiako Zinemaldiaren eta Jazzaldiaren laguntzarekin. Bilboko Arte Ederren Museoan ere egingo dute aurten, Getxoko Jazzaldiaren laguntzarekin. Aipatutako estreinaldiaz gain, beste hainbat film ere proiektatuko dituzte, beti ere soinu bandan jazza nagusi dutenak, jazz musikariak protagonista dituztenak eta jazzaren eragina dutenak.
Frantziako hainbat film proiektatuko dituzte aurten, hala nola, Jean-Luc Godarden A bout de souffle (1960) filma, non Jeanne Moreau, Gerard Philipe eta Jean-Louis Trintignant aktoreak eta Boris Vian idazle eta jazz musikaria azaltzen diren. Gainera, filmaren soinu bandan Art Blakey, Duke Jordan eta Thelonious Monk jazz musikarien doinuak entzun daitezke. Bestalde, Edouard Molinaroren Un temoin dans la ville (1959) filma ere proiektatuko dute, non Barney Wilenen musika entzun daitekeen.
Amerikako Estatu Batuetako bi film ere proiektatuko dituzte Tabakaleran: Touch of Evil (Orson Welles, 1958) eta Radio Days (Woody Allen, 1987). Henry Mancini musikariaren jazz latindarra da nagusi lehen filmean, eta bigarrenean, Allen zinemagilea eta jazz musikaria den heinean, oso presente dago jazz musika.
Proiekzio guztiak 19:00etan izango dira Tabakalerako zineman, eta sarrerek 3,5 euroko prezioa izango dute. Tabakalerako informazio puntuetan erosi ahal izango dira sarrerak, eta baita ticket.kutxabank.es/tabakalera atarian ere. Hona egitarau osoa:
Uztailak 4:
Ella Fitzgerald: Just One of Those Things (Leslie Woodhead, 2019).
Uztailak 11:
Touch of Evil (Orson Welles, 1958).
Uztailak 18:
Les Liaisons Dangereuses (Roger Vadim, 1959).
Uztailak 19:
A bout de souffle (Jean-Luc Godard, 1960).
Uztailak 25:
Un temoin dans la ville (Edouard Molinaro, 1959). Quim Casas zinema eta musika kritikari eta Donostia Zinemaldiko hautespen batzordeko kideak aurkeztuko du.
Uztailak 26:
Radio Days (Woody Allen, 1987). Quim Casas zinema eta musika kritikari eta Donostia Zinemaldiko hautespen batzordeko kideak aurkeztuko du.