G7 Ez plataformak deitutako manifestazioarekin bat egingo du Satorralaiak
Donostiako G7 Ez plataformak manifestazioa egingo du larunbatean hiriko kaleetan zehar, abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen egingo den G7-aren gailurraren aurka. Protesta 17:00etan abiatuko da Easo plazatik, Gipuzkoarrok G7ari EZ! lelopean. Satorralaia bizilagunen elkarteak jakinarazi duenez bat egingo du mobilizazioarekin. Ibilbidean zenbait erakunde eta enpresaren aurrean geldiuneak egingo ditu manifestazioak, “problematika desberdinak salatzeko”.
Satorralaiakoek salaketa ekintza txiki bat egingo dute, Behar gabeko proiektu erraldoi eta inposatuak: ez hemen ez inon! Metroa gelditu! lelopean. Era berean, G7 Ez plataformak “jai aldarrikatzaile” bat antolatu dute Parte Zaharreko Trinitate plazan, manifestazioaren ostean hasiko dena. Satorralaiak sortutako erakusketa informatibo bat egongo da ikusgai han.
Duela aste gutxi, Irutxuloko Hitzak erreportaje bat argitaratu zuen Donostiako G7 Ez plataformako bi kide elkarrizketatuta.