Goizean eta arratsaldean egingo dituzte San Joan bezperako jarduerak Konstituzio plazan
Urteroko legez, Arbolaren agurra eta Agintarien esku dantza egingo dute Donostiako alkateak eta udaleko zinegotzi guztiek Konstituzio plazan. Goizean hasiko dira jarduerekin, 11:15ean zuhaitzaren jarraigoa Saguesko Tomas Alba plazatik irtengo baita. Donostiako Udaleko Txistulari bandak eta dantzariek lagunduko dute idiek tiratutako gurdia, non zuhaitza bera joango den. Saguesko zabalgunetik Zurriola pasealekura joango dira, handik Erregina Erregentea kalera, Aldamar kalera, Iñigo kalera eta azkenik, Konstituzio plazara. 12:15ean helduko dira hara, eta plazaren erdian jarriko dute zuhaitza, Udaleko Txistulari bandak eta Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariek emanaldia egiten duten bitartean. Zuhaitza kokatu ondoren, Arkaitz, Gero Axular, Goizaldi eta Eskola dantza taldeek honako piezak dantzatuko dituzte: Agurra, Belauntxingo, San Joan zortzikoa, Zinta-dantza, Makil-Txiki, Brokel-dantza, Uztai-Txiki, Fandangoa eta Arin-arina.
Arratsaldean izango da, aldiz, agintarien ohiko soka dantza. Han izango dira Eneko Goia alkatea, zinegotzi guztiak, Goizaldiko dantzariak eta Udaleko Txistulari Taldea. 19:00etan sartuko dira alkatea eta zinegotzi guztiak sokan helduta plazara, eta Arbolaren agurra egingo dute, dantzariek zuhaitzaren inguruan Pordon dantza egiten duten bitartean. Ordu laurden beranduago egingo dute agintariek Esku dantza, eta 19:45ean hasiko da erromeria.
Antzinatik datorren ohitura da Arbolaren agurrarena. Udako solstizioa iristen denez, egunak gauak baino luzeagoak dira. Horrek bizitza hobe baten itxaropena ematen zien gure arbasoei, eta plazako Lizarrak hori islatzen du. Horregatik dantzatzen da zuhaitzaren inguruan.