Soldaten igoera onartu dute legealdiko lehen udalbatzarrean
Donostiako Udalbatzak legealdiko lehen udalbatzarra egin du gaur goizean. Laburra izan da eta hainbat erabaki hartu dituzte. Horien artetik esanguratsuena da alkatearen eta zinegotzien soldatak igotzea adostu dutela.
Eneko Goia alkateak 86.097 euroko soldata gordina jasoko du urtean. Aldiz, 70.692 euro ataletako 11 zinegotzi ordezkariek eta oposizioko hiru alderdien bozeramaileek. EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko atxikitako zinegotziek 54.326 euro jasoko dituzte. Azkenik, gainerako bederatzi zinegotziek dedikazio partzialarengatik 40.744 euroko soldata izango dute.
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen udal taldeak kritiko agertu dira udal gobernuak soldaten inguruan egindako proposamenarekin. Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak esan du ez dagoela justifikaziorik soldaten kopurua igotzeko. Aldiz, Jon Insausti EAJko bozeramaileak erantzun dio udaleko langileen soldaten araberakoa izan behar dela politikariena ere.
Udal talde bakoitzak izan beharreko aholkulari kopuruak ere desadostasuna sortu du. Legealdi berrian EAJk bost aholkulari izango ditu, EH Bilduk eta PSE-EEk launa izango dituzte, eta PPk eta Elkarrekin Podemosek bina. Udal gobernuaren proposamena kritikatu du EH Bilduk. “Arauak aldatu dituzue sozialistek zinegotzi bat gutxiagoren aurreko legealdiko aholkulari kopurua mantentzeko”, esan du Carrerek. Erabakia “proportzionala eta matematikoa” dela erantzun dio Ernesto Gasco PSE-EEKo bozeramaileak.
Bestalde, udaleko batzordeak onartu dituzte udalbatzarrean. Batzorde iraunkor orokor hauek eratuko dituzte: Zerbitzu Orokorren Batzordea, Ogasun Batzordea, Lurralde Garapen eta Planifikazio Batzordea, Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordea, Gune Publikoetako Batzordea eta Obrak eta Hiri Zerbitzuak. Horrekin batera, Giza eskubideen inguruko batzorde ez iraunkorra sortzea adostu dute.