EAJk eta PSE-EEk gobernatuko dute beste lau urtez
Hiri hitzarmena sinatu dute Eneko Goiak eta Ernesto Gascok, legealdi berrian elkarrekin gobernatzeko. Kargu banaketa, ordea, desberdina izango da, eta Gascok alkateorde izateari utziko dio.
Joan den larunbatean jaso zuen aginte makila Eneko Goiak, Donostiako Udalbatza berria osatzeko ekitaldian. Gehiengo osoa eskuratu zuen Goiak, bere alderdiko hamar zinegotzien eta PSE-EEko bost zinegotzien aldeko botoak eskuratuz. Elkarrekin Podemoseko Aitzole Aranetak bere taldeko hiru zinegotzien aldeko bozak lortu zituen, eta EH Bilduko sei zinegotziek zein PPko hiruek boto zuria eman zuten.
Alkate izendatua izan bezain laster, PSE-EErekin ahalik eta azkarren gobernu akordio batera iristeko nahia adierazi zuen Goiak, eta asteartean sinatu zuen hiri hitzarmen berria Enesto Gascorekin. Haien arabera, bi alderdiek gobernuan jarraitzeak udalaren “egonkortasuna” bermatzen du, eta “aurrera egiteko” bidea da.
Gobernu berriaren printzipioak zehazten ditu hitzarmen horrek, hala nola, herritarrentzako gobernu irekia izatea, zerbitzu publikoak etengabe hobetzea eta udal ogasunaren eta finantzen kudeaketa zorrotza egitea. Bestalde, zehaztu dituzten jarduera ildoen artean aurkitzen dira kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egitea, gizarte kohesioa lortzeko lan egitea, etxebizitzarako sarbidea erraztea, hiri jasangarri baten alde egitea eta gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna bultzatzea.
Udal gobernuko karguen banaketari dagokionez, zazpi zinegotzigo izango ditu EAJk eta lau PSE-EEk. Tokiko Gobernu Batzordea, ordea, zazpi jeltzalek eta hiru sozialistek osatuko dute. Berritasun nagusia da EAJko Nekane Arzallus izango dela Hirigintza zinegotzi eta lehen alkateorde berria. Gasco, aldiz, bigarren alkateordea izango da aurrerantzean.