Manifestaziora deitu dute LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunerako
Ekainaren 28a, ostirala, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, eta Donostiako TransMariBollo Koordinadorak manifestaziora deitu du egun horretarako. Harrotasuna ez dago salgai, Donosti ere ez lelopean LGTBI komunitatearen eskubideak aldarrikatzeko aterako dira kalera, 19:00etan Bulebarretik aterako den manifestazioan. Ondoren, Poesia mamarratxada poesia saioa egingo dute.
Aurtengoa ez da nolanahiko urtea LGTBI komunitatearentzat, izan ere, 40 urte bete dira Espainiako Estatuan homosexualitatea despenalizatu zutenetik. Hain zuzen, 1979ko urtarrilaren 11n indargabetu zuten 1970ean onartutako Arriskugarritasunaren eta Gizarte-errehabilitazioaren Legea. Lege horren aterkipean LGTBI komunitateko pertsona ugari zigortua izan ziren urte horietan.
Euskal Herriko Bilgune Feministak ere kanpaina bat egin du ekainaren 28rako, Markoetatik gaindi, plazera gara! lelopean. “Sistema honek ezin gaituela normatibizatu ozen adierazi nahi dugu oraingoan, inposatutako markoetan ez garela sartzen, eta inola ere ez dugula sartu nahi”, adierazi dute. Aurten, “kapitalismoaren garbiketa arrosa” jarri dute jomugan. Hona hemen LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunerako idatzi duten adierazpen osoa:
Markoetatik gaindi, plazera gara!
Lesbiana bai, ados. Baina hautu horrek sortzen dizun plazeraz larregi ez hitz egin, bale? Hobeto lesbiana formala izan eta kapitalismoaren garbiketa arrosan sartu.
Transa… bueno, zure barruan dagoen arazo bat dela onartzen baldin baduzu, tira! Baina ez kuestionatu eredu bitarra, faborez, jarraitu kaiola arrosa eta urdinak eraikitzen. Eta ez adierazi autodeterminazio edo errebeldia izpirik. Izan zaitez zu, baina guk diogun moduan.
Kapitalismoa barruraino sartzen zaigu, azala gainditu eta zainetara doa. Atea jo gabe ere, zist! Barruraino! Gizon eta emakume zis heterosexualek (eta ordenatuak) behar dituen kapitalismo basati honek, patriarkatuarekin aliatu eta kabitu ezinik gaituen markoa eusten dute. Indibidualismoan nahi gaituzte, kontsumoan eta bazterretan.
Askatasunez mozorroturik datoz askotan indarkeria eta zapalkuntza zis-hetero-patriarkala. Disimuluz, garbituz, irantzi nahian. Baina guk mozorroa kendu nahi diegu.
Aspaldi hasi ginen salatzen markotik ateratzeak, araua apurtzeak dakarren zigorra. Markoa lehertzen ari gara, plazerrez behin eta berriro apurtzen. Kolektiboan egiten diren eztanda handi eta txikiek egiten gaituzte desobediente. Desobedientzia kolektiboa zainetara eramaten gabiltza. Ez gara markoan kabitzen, eta ez dugu nahi ere!