Santa Klara uharteko itsas hegaztien habiak galtzen ari direla ohartarazi dute
Parkea Bizirik Kukulunbera naturzale elkarteak Santa Klara uharteko belar mozketek eragindako kalteen berri eman du. Izan ere, uhartearen mantentze lanak txitaldi garaian egiteak itsas hegaztien habien galera dakarrela ohartarazi dute.
“Maiatzeko azken astean, Donostiako Udal Zerbitzuek uharteko goiko belarra moztu zuten. Mantentze lan horiek uda hasierarekin eta jendeak uhartera egiten dituen joan etorriekin lotuta daude”, adierazi dute. Hain zuzen ee, belarra moztu eta bide ertzak zabaldu dituzten toki horietan kaio hankahorien, batez ere, habiak daudela diote. Babesturiko espeziea da Bernako Hitzarmenean. “Jarduera luzeak eta zaratatsuak izanik, hegaztiak uxatzen dituzte. Hala, hegaztiek denbora luzez habiak uzten dituzte eta enbrioien heriotza nahiz urteko ugal porrota eragin dezakete”.
Egoera horren aurrean, Parkea Bizirik elkarteak mantentze lanak urteko beste garai batean egitea eskatu du. “2020tik aurrera Santa Klara uharteko mantentze lanak maiatzetik martxo hasierara aurreratzea eskatzen dugu. Horrela, beharrezkoa balitz, abuztua bukaeran beste belar mozketa bat egingo litzateke, kaioen txitak igeri eta hegan egiteko gai direnean”.
Bestalde, naturzale elkartea prest dago udaleko edozein departamentuk naturaren ikuspegitik ingurune zaurgarri batean obra, lan edo proiektuak aurreikusita dituenen aholkularitza zerbitzua emateko.