'Artistak hemen bizi ohi ziren'
Sara Hernandez Askasibar, zinema kritikaria.
‘GUT RENOVATION’
Zuzendaria: Su Friedrich
Urtea: 2012
Herrialdea: AEBak
Gut Renovation izan zen joan den ostiralean Tabakalerako Hasieratik. Zinema feministaren historiak fokuari amaiera eman zion filma. Su Friedrichek, Ameriketako Estatu Batuetako zinegile esperimental ezagunak, aldaketa txikien inguruko film bat eskaintzen digu oraingo honetan. Bizipen pertsonala da, bere garai bateko auzoak, Williamsburg-ek, jasandako aldaketak deskribatzen dituena eta New York hiriaren erretratu historikoa bilakatzen dena finean.
80ko hamarkadan artista asko Williamsburgera joan ziren bizitzera, Brooklyneko langile-auzune historikora. Friedrich eta bere bikotea hauen artean. Burdin-fabrika izandakoaren loft zahar bat errentan hartu eta -zaharberritu ondoren- euren etxebizitza naiz lantegia bihurtu zuten, bizileku-baimena ez izan arren. Ustekabea 2005ean iritsi zitzaien ordea, Udalak auzoa -gune industriala zena- erresidentziala izendatu zuenean, enpresa eraikitzaileei onura fiskalak eskaintzeaz gain. Lantegi, artisau eta sortzaileen loften prezioak neurri gabe gora egiten zuten orduan, espekulatzaileen mesedetan. Bertako bizilagunentzat eskuraezinak bilakatu arte.
Amorruak eta etsipenak bultzatuta, Suk bost urte eman zituen East River eta Brooklyn-Queens Expressway arteko aldaketak dokumentatzen: bere kamera zaharra bizkarrean hartu eta eraikin industrialak nola behera egiten zuten eta, aldi berean, nola aberatsek luxuzko apartamentuak erosten zituzten erretratatu zuen.
Espekulazioren kritika zorrotza izateaz gain, begirada ironikoa ere badakarkigu aldarrikapenez osatutako film honek. Lehen pertsonan kontatutako bizipena da, jarrera aktibo bezain inkonformista batekin. Izan ere, film luze osoa umorez zipriztinduta dago; bai Friedrichen gogoetak baita soinu bandako abestien letrak ere.
Planoen abiadura bizkorrak erabat nabarmentzen du Friedrichek hainbeste maite zuen eta desagertzear zegoen errealitatea grabatzeko zuen larritasuna. Pertsonala politikoa denez, muntaiaren bidez hiri-lurraren gentrifikazioaren salaketa bideratzen du, eta aldi berean, bere inguruak -Brooklyneko zati honek hain zuzen- jasaten duen eraldaketari begirada zorrotza botatzen dio. Bere ikuspuntua urrun da egun turismo bulegoak ematen dutenarena, non auzo honek oraindik ere klase altuko gazte eta artista anitz erakartzen dituen.
Gut Renovation erresistentzia filma da eta horixe da amankomunean duena HASIERATIK. ZINEMA FEMINISTAREN HISTORIAK fokuan parte hartu duten beste zuzendari gehienekin (Cheryl Dunye, Vera Chytilova, Marleen Gorris eta Alice Guy besteak beste) zinema eta umorea aktibismorako tresna bezala erabiltzen dituztela. Denboraldiaren itxiera ondoren, urriko Tabakalerako programazio talde irekiak foku honi jarraipena emateko aukeratuko dituen pelikulak zeintzuk izango diren jakin-minez irrikan naute.