Arraun ligari ekingo diote Donostiako traineru guztiek
Donostian denak prest daude arraun denboraldi berri baterako. Eusko Label eta KAE 1 ligetan, Donostiarraren traineruek emaitza paregabeak lortu dituzte lehenengo estropadetan. Emakumeen hiriko bi taldeek, berriz, larunbatean ekingo diote Euskotren ligari Santanderren.
Arraun Lagunakek Euskotren ligako estropada bat irabazi zuen iaz lehen aldiz, Ondarroan. (Argazkia: Arraun Lagunak) Emakumeen Euskotren liga izan ezik, gainerako arraun liga guztiak abian dira jada, eta Arraun Lagunaken eta Donostiarraren traineruek ere udarako lehiarekin bat egingo dute larunbatetik aurrera. Lehen estropada Santanderren izango dute, eta igandean, berriz, Lekeition neurtuko dira euren aurkariekin.
Bakoitzak bere helburua duela, emaitza on bat lortzeko asmoz helduko dira talde donostiarrak ligako lehen hitzordura. Oriok eta Hondarribiak osatuko dute taula, eta San Juanen traineruak parte hartuko ez duenez, aurten iazkoa baino lehia berdinduagoa espero dute zaleek. Arraun Lagunakek hirugarren postuan amaitu zuen liga iaz, eta Donostiarra lehen aldiz lehiatuko da maila gorenean.
Gizonei dagokienez, Eusko Label liga emaitza sendoekin hasi zuen Donostiarrak joan den asteburuan, Bilbo eta Zierbenako estropadetan seigarren eta bigarren postuak lortuta, hurrenez hurren.
Emaitza horiek sailkapen nagusiko hirugarren postuan kokatu dute hiriko trainerua, 18 punturekin. Patroi onenaren sailkapenean, berriz, Donostiarrako patroiak, Arkaitz Diaz donostiarrak, lehen postura igotzea lortu du bi estropadetan eskuraturiko lau puntuekin.
KAE 1 ligan, Donostiarraren bigarren taldea hirugarren izan zen Donibane Lohizuneko estropadan, eta sailkapen nagusian ere hirugarren postuan dago hiru jardunaldi jokatu ostean.

