Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Estropadetako, Aste Nagusiko, Euskal Jaietako eta Su Artifizialen Lehiaketako kartelak aurkeztu dituzte

jaiak Alfredo Leon, Jon Insausti eta Sonia Urreizti, jaietako kartelekin. Ezkerretik eskuinera, Euskal Jaietako kartela, Estropadetakoa, Aste Nagusikoa eta Su Artifizialen Lehiaketakoa. (Argazkia: Beñat Parra)

Uda garaiko jaietako kartelak aurkeztu ditu udaletxean Jon Insausti Jaietako zinegotziak, Alfredo Leon Euskal Jaietako eta Estropadetako kartelen egilearen eta Sonia Urreizti Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako karteleko argazkiaren egilearekin batera. Bestalde, Aste Nagusiko kartelaren lehiaketa Jose Ramon Lunak irabazi du, baina ezin izan du aurkezpenean egon. Kartelak “uda bezalakoak” direla nabarmendu du Insaustik, “koloretsuak eta alaiak”.

2018ko Aste Nagusiko Su Artifizialen Argazki Lehiaketako irabazlea da Urreizti, eta argazki irabazlea erabili dute aurtengo kartela egiteko. Egileak azaldu duenez, joan den urteko lehiaketako azken egunekoa da argazkia, eta Kontxa pasealekuko Flemingi omenaldia eskultura dagoen terrazatik egin zuen. Urreiztiren hitzetan, lore itxura dauka eta “originala eta soila da argazkia, nahiz eta ez den erraza izaten argazki garbiak egitea, kearengatik”.

Leoni dagokionez, Euskal Jaietako eta Estropadetako kartelen lehiaketak irabazi ditu aurten. Lehenago ere irabazi ditu Donostiako beste kartel lehiaketa batzuk: 2015eko Jazzaldikoa eta 2017ko Aste Nagusikoa, hain justu. “Kolorean eta abstrakzioan” oinarritutako kartelak direla azaldu du Leonek. Estropadetakoa kolore desberdinetako paper zatiekin eginda dagoela azaldu du autoreak, eta paper horiek arraun talde desberdinak eta traineruek uretan uzten dituzten lorratzak islatzen dituzte. Euskal Jaietakoari dagokionez, “Euskal Herriko ornamentazio tipikoarekin eta ikurriñaren koloreekin” jolastu duela azaldu du.

Kursaaleko jai gunea

Kartelak aurkeztu ondoren, iazko Aste Nagusian Kursaaleko jai gunean bereziki gertatutako eraso matxisten aurrean hartuko dituzten neurriak aipatu ditu Insaustik. Azaldu duenez, Kursaaleko terrazan jarduerak programatzen jarraituko du udalak, bai egunean zehar eta baita gauean ere, “duela 17 urte funtzionatzen duen zerbait” delako. Zinegotziaren arabera, iazko gertakariak ikusita, udalak “hausnarketa” egin du, eta gehiago babestuko dute zonaldea. Alde batetik, gaueko hamarretatik aurrera hesi bat jarriko dute kai-muturraren hasieran, arroketara joatea debekatzeko. Bestetik, argiztapen gehiago jarriko dute bai Kursaaleko terrazan, bai kai-muturrean eta baita hondartzan ere. Azkenik, giza baliabide gehiago egongo direla nabarmendu du Insaustik. Horrekin batera, jaiak ondo joatea “gizarte osoaren ardura” dela adierazi du zinegotziak.

suak kartela

Su Artifizialen Lehiaketako kartela.

euskal jaiak def

Euskal Jaietako kartela.

estropadak kartela

Estropadetako kartela.

KARTELA ASTE NAGUSIA 2019 OK

Aste Nagusiko kartela.

HITZAkide HITZAkide