Goian eta behean, giro herrikoia
Intxaurrondo Eguna da Intxaur jaietako jarduerarik politena, tradizio handiko zerbait den heinean, bizilagun guztiak inplikatzen baitira egun horretako ospakizunean. Auzoko bi jai batzordeen artean –Intxaurrondo Zaharrekoa eta Intxaur jaietakoa– txandakatzen dira egun horren antolakuntzan, eta urtez urte lehiatzen dira hoberen zeinek antolatzen duen ikusteko. Aurtengo moduan Intxaur jaien esku gelditzen denean, tortilla txapelketa, bazkari herrikoia eta bingoa egiten dute Sagastieder plazan. Ondoren, kalejiran joaten dira txarangarekin, auzoa girotzeko.
Intxaurrondo Zaharrari dagokionez, jaietako ostiraleko afari herrikoia da jarduera nabarmenena eta jende gehien biltzen duena. Gaueko kontzertuen aurretik afaltzen dute giro euskaldunean auzoko haur, gazte eta helduek, Letaman gaztetxeko plazan, eta zozketak eta bingo musikatua egiten dituzte afaldu ondoren. Bitxikeria gisa, hurrengo urtean guztian zehar auzoko alkatea izango dena aukeratzen dute bizilagunek, eta pribilegio batzuk izaten ditu. Izan ere, mahai propioa jartzen diote alkateari afarian, eta otarrainxkak bezalako luxuko jakiak izaten ditu.