Hiru jai asteburuaz gozatzeko
San Joan bezperaren ondoren bada jairik Donostian. Izan ere, Ttonttorroren zain daude jada Igeldon, txupinazoa prestatzen dabiltza Intxaurrondon, eta San Martzial ereserkia abesteko berotzen ari dira Altzan.
Pasa den asteburuan hasi ziren Igeldoko San Pedro jaiak, baina gaur hasiko da jaietako egitarauko zatirik mardulena. Izan ere, 19:30ean izango da Ttonttorro txiki eta Ttonttorroren igoera. Urteroko legez, jaietako ikurra den gezurrezko astoa balkoi batetik zintzilikatuko dute. Antigua Band txarangak girotuko ditu Igeldoko kaleak ondoren, eta gauaz gozatzeko aukera ere izango da, Rukula eta Herenegun taldeek joko baitute 23:30ean.
Biharkoa da, San Pedro Eguna den heinean, jaietako egunik indartsuena. Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, 12:00etan aizkolari, trontza eta lokotxa erakustaldia egin ondoren, familiarekin bazkaltzea da ohikoena, baina Desheredatun bazkaria egingo dute aurten, “desheredatuak daudenentzat edo familiarekin bazkaldu nahi ez dutenentzat”. Horren aurretik, paella lehiaketa egingo dute, eta irabazleak San Pedroren giltza lortuko du, jaiek irauten duten bitartean eramateko. Arratsaldean, iazko arrakasta ikusita, Umore Horia egingo dute, hainbat jolas berrirekin. 19:30ean haurren kalejira txikia egingo dute, urezko zezenarekin eta buruhandiekin, eta gaupasaren txanda helduko da ondoren, hainbat musika talde eta DJ-ek lagunduta. Bestalde, batzordekoen arabera, berritasunak sartzen badituzte ere, jarduera tradizionalak egitarauan mantentzen saiatzen dira. Horren isla dira biharko idi demak eta astearteko zaldi demak. Bestalde, jaiak aurrera ateratzen badira, Igeldoko bizilagunen babesari esker dela nabarmendu dute.
Igandean, oliba jaitsiera (13:00) izango da jarduera esanguratsuena, jai batzordekoen arabera, txapelketa “internazionala” baita. Parte hartzaile bakoitzak oliba bat botako du aldapan behera, eta azkarrenak irabaziko du.
Asteleheneko haurrentzako jarduerekin jarraituko dute jaiek. Bestalde, Eusko Got Talent saioa egingo dute 18:00etan. Asteartean, aldiz, kanika lehiaketa (17:00), Santa Isabel eskearen amaiera (18:30) eta irrintzi lehiaketa izango dira Igeldon. Jaiei amaiera emateko garaia helduko da iluntzean, eta Ttonttorro txiki eta Ttonttorro jaitsiko dira, 20:30ean eta 00:00etan, hurrenez hurren.
Tradizioa nagusi Altzan
Igeldokoen moduan, Altzako San Martzial jaiak ere joan den asteburuan hasi ziren, baina gaurtik aurrera egingo dituzte jarduera garrantzitsuenak. Gaur bertan izango da aurtengo jaietako berritasun nagusia, izan ere, haurrentzako Disney ikuskizuna egongo da 18:00etan.
Biharkoa izango da, ordea, auzotarrentzat jaietako egun bereziena. Izan ere, 20:00etan Eslava maisuaren Salbea abestuko dute San Martzial elizan, danborrada joko dute 22:00etan eta San Martzial ereserkia abestuko dute plazan 00:00etan. Jaien antolatzaileen arabera, “bakarra munduan” da ereserki hori, eta “oso berezia” da auzotar guztientzat.
Igandean, San Martzial Egunean, goizeko pilota partidak dira jarduera garrantzitsuena, Xala, Azanza, Olaizola I.a eta Pascual bigarren mailako pilotariek jokatuko baitute 11:00etan. Gauean, Iñigo Garcia DJ-ak musika jarriko du.
Hurrengo astera begira, Haur eta Jubilatuen Eguna izango da astelehena, eta toka txapelketa (12:00), txokolate jana (17:00) eta bolo jaurtiketa (18:00) egingo dituzte, besteak beste. Asteartea, aldiz, Baserritarren Eguna izango da, eta idi probak (12:00 eta 18:00) eta Andoni Egaña eta Jon Maiaren bertso saioa dira jarduera garrantzitsuenak.
Jai gazteak Intxaurrondon
Bost urte baino ez daramatzate Hego Intxaurrondoko Intxaur jaiak egiten, baina gero eta auzotar gehiago animatzen dira jaietan parte hartzera, jai batzordeko kideen arabera.
Txupinazoa 17:00etan botako dute Sagastieder plazan. 19:30etik aurrera, elektrotxaranga ibiliko da auzotik, eta gauean DJ Bull arituko da musika jartzen.
Aurten Intxaur jaietako batzordeari egokitu zaio Intxaurrondo Eguna antolatzea, eta beraz, biharkoa izango da jaietako egun indartsuena: Intxaurrondoko Konkisa egingo dute 11:30ean, tortilla lehiaketan oinarritutako herri bazkaria 14:00etan, Trontza txapelketa 17:00etan, Dorian txaranga egongo da 19:30ean eta Ezten Giro eta Egurra eta Kitto taldeek joko dute 22:00etan.
Igandea lasaiagoa izango da, baina ez dira jarduerak faltako. Izan ere, 11:00etan karate erakustaldia egingo dute, Zumba dantza saioa 12:00etan eta haurrentzako antzerkia egongo da 17:00etan.