Hiru jai, hiru tradizio
Donostiako auzo handienetakoa eta jendetsuenetakoa den heinean, Altzako zonalde bakoitzak bere jai propioak ditu: San Martzial jaiak, Oletako jaiak eta Jolastokietako jaiak.
San Martzial jaiak dira zaharrenak, eta tradizio handiko jarduerek izaten dute arrakasta gehien: esku pilota partidak eta idi probak, besteak beste. Baina bereziena San Martzial ereserkia abestea da. Jaietako larunbatean abesten dute, gaueko hamabietan, eta auzotar guztiek buruz dakiten zerbait da, Altzako identitatea bizirik mantentzen duena.
Oletako jaiak duela 73 urte hasi ziren antolatzen, eta hasieratik egiten dute sardina jana. Bizilagun guztiak sardinak jateko eguna iristeko irrikaz egoten dira, eta auzoko belaunaldi zahar eta berriak elkartzen dira egun horretan.
Jolastokietan ere jarduera tradizionalak dira jaietako nabarmenenak. 1986an sortu zirenetik diraute herri kirol probek eta bizikleta zinta lasterketak, besteak beste. Azken hori da arrakastatsuena, izan ere, eskuz egindako zintak erabiltzen dituzte, eta bakoitzak haurrentzako litxarrerietan gastatzeko balio ekonomiko jakin bat du.

