«Ikasleen egonezinak eta zalantzak adierazteko tresna da zinema»
Ines Arrue / Zinea.eus
Hizkuntza unibertsala den heinean, hamaika dira zinemak bide konbentzionaletik at izan ditzakeen balio eta ezarpenak. Bada, ikus-entzunezkoaren arteak eskaintzen duen aukera hezitzailearen aldarrikapena da ZINEMA (H)ABIAN proiektua. Irudiak eta soinuak bat eginez, gure plazetako haur eta nerabeek bizitza ulertzeko eta beroni aurre egiteko metodologia berriak badirela azalduko digun irakaspena.
2005. urtean du jatorria, Kataluniako A Bao A Qu kultura elkarteak sortutako Cinema en Curs egitasmoan, eta Galizian, Madrilen, Berlinen, Brandenburgon zein Txilen erreproduzitu ostean, Tabakalera eta Elias Querejeta Zine Eskolaren eskutik iritsi da Euskal Herrira. Mikel Gurrea (Donostia, 1985) zinemagilea eta Lasarte-Oriako institutuko DBH1-eko 22 ikasle izan ziren 2018an Zinema (H)abian egitasmoaren lehen protagonistak, eta bi zentrotara zabaldu dute proiektua 2019an.
Ikasturte osoan zehar, zinema ikusi eta ariketa ezberdinak egiteko aukera ematen zaie haur eta gaztetxoei, eta, aldi berean, ikusleak eta zinemagileak izateko aukera. Hala, pedagogikoa da proiektuaren bigarren ardatz nagusia, zinemaren bidez norberaren bizipenak, ikuspuntuak, sortu eta azaltzeko bidea izatea. Horretan laguntzeko, irakasleez gain, zinemagile bat egoten da eskolan. Zinema maite duen pertsona bat, pasioz bizi duena, zinema zer den eta nola egiten den transmititzeko eragile ezin egokiagoa.
2019an Lasarte-Oriako Oriarte institutuan errepikatu du Gurreak, 4. DBHko ikasle talde batekin oraingoan. Bestetik, Donostiako Peñaflorida institutuko 3. DBHko talde baten gidaritza egin du Maider Oleaga (Bilbo, 1976) zuzendariak.
Ikasturtearen amaieran, Zinema (H)abian proiektuaren kimuak aurkeztu dituzten egunean, hain zuzen, hitz egin dugu Gurrearekin, eta zinema bidezko pedagogia aldarrikatu du, norberaren izaera eraikitzen laguntzeko tresna gisa.
Nolakoa izan da ikasturtea? Zein balorazio egiten duzu zuk?
DBH 1 mailako 22 ikaslerekin abiatu genuen proiektua iaz, eta aurten, aldiz, DBH 4. mailako hamabi bat ikaslerekin egin dugu lan, dibertsifikazio taldekoak. Erabat desberdina izan da, ez soilik adin tartea asko aldatu delako, arazo eta sentsibilitate desberdinak dituztelako ere bai. Proiektua malgua den heinean, egokitu egin dugu taldearen beharretara. Taldeak bere izaera islatu du proiektuaren bitartez.
Oso positiboa izan da. Talde gisa oso ondo funtzionatu dute, eta oso ausartak izan dira. Bai zinematografikoki, baina baita bizitzari aurre egiterakoan ere.
Zailtasunik planteatzen du pelikula baten filmatzearen moduko proiektu erraldoi bat ikasle talde batekin martxan jartzeak?
Zinema (H)abian proiektuak daukan berezitasun bat da hiru ardatzetan banatzen duela zinema egitea: lehenengoa da gure inguruari eta, oro har, munduari begiratzen diola; bigarrena, pertsonetan edo pertsonaietan oinarritzen diren istorioak kontatzen dituela; eta, hirugarrena, emozioetan oinarritzen dela. Zinema da horiek guztiak bideratzeko eta adierazteko tresna. Ikasle talde batekin lan egitean agerikoa da emozio horiek are indartsuagoak direla. Kasu horretan, zirrara horietatik, adinaren zalantza eta bakoitzaren egonezinetatik tiraka, ateratzen da filma.
Askorentzat lehen aldia izan da grabaketa batean. Sormen aldetik eta arlo teknikoan ere ezagutza partekatzen duzu haiekin. Zein ekarpen egin dizu zuri?
Orduak beharko nituzke hori guztia destilatzeko, baina oso argi dut haiengandik jasotzen dudana ematen dudana baino askoz gehiago dela. Alde batetik, Zinema (H)abian proiektuak aukera ematen didalako gehien maite dudan hori transmititzeko: zinema. Bestetik, ispilu batean begiratzean bezala, ikusten dudalako maite dudan hori pasatzean, bueltan jasotzen dudana ere zinemarekiko maitasuna dela. Horrek, nolabait, birkonektatzen nau zinemaren oinarriekin, eta gehiegi teorizatu edota praktikotasunaren mugetan pentsatu gabe, muinera eramaten gaituela uste dut: mundura, pertsonetara… horiekin guztiekin dugun harremanera.
Bigarren ikasturtea izan duzu aurtengoa, gustatuko litzaizuke hirugarren batez errepikatzea?
Bi urteren ondoren ez dut uste oraindik gelditzeko unea denik. Posible dudan heinean, beste proiektuekin edo nire bizitzarekin moldatzeko aukera dudan bitartean, beti egongo naiz.