"Neska bati gehien gustatzen zaiona futbola bada, zergatik ez du jokatuko?"
Realarekin lotura handia du Aintzane Encinasek (Donostia, 1988) txikitatik, Anoetatik gertu bizi baita 12 urte zituenetik. Realean hamahiru denboraldiz jokatu ondoren, entrenatzailea eta Espainiako Ligaren enbaxadorea da gaur egun.
Zergatik aukeratu duzu taberna hau?
Neska gazteekin futbol campus bat osatu dugu aurten eta hemen entrenatzen ditut. Gainera, leku politean dago taberna, futbol zelaiak ikusten dira, eta hemen lan egiten dudanez, ondo datorkit.
Nondik ibiltzen zara Donostian?
12 urte inguru nituenetik Amara Berrin bizi naizenez, handik asko ibiltzen naiz. Baina Donostia asko gustatzen zait eta hiriko leku askotatik ibiltzen naiz. Nire lekurik gustukoena Haizearen Orrazia da.
Nola ikusten duzu Donostia?
Hiri oso polita da, denetarik daukagu eta jende askok aukeratzen du bai ikusteko eta baita jarduera desberdinak egiteko ere. Bai kulturan, bai gastronomian eta baita kiroletan ere aukera asko ematen dituen hiri bat da, eta horrek asko aberasten duela uste dut. Gure inguruan ere herri izugarriak ditugu, eta horrek jende asko erakartzen du.
Oso lanpetuta zabiltza Aintzane Encinas campusarekin?
Lehen urtea da campusa neskekin ere egiten dugula. 12 eta 16 urte arteko neskak dira, Realean normalean adin horretako neskekin egiten dudalako lan. Udan ere hona ekarri ditut, nesken campus bat izan dezaten, eta gainera, emakume baten izena duena. Asko etorri dira, eta polita da beraiek ikustea neska entrenatzaileak ere badaudela. Ahalik eta baldintza onenak ematen dizkiegu, futbolak aukera asko eman diezazkiela ikus dezaten, erreferenteak izan ditzaten eta aurrera jarraitu dezaten gehien gustatzen zaienarekin.
Gero eta neska gazte gehiago animatzen dira futbolean jokatzera?
Bai, zalantzarik gabe. Lehen ez zen normala neskek futbol campus batean izena ematea ezta gurasoek neskei horrelako jarduerak ordaintzea ere. Semeari bai ordaintzen zizkiotela horrelako gauzak, baina alabari ez. Gauzak asko aldatu dira, eta normalizatu egin da neska futbolariak daudela. Neska bati gehien gustatzen zaiona futbola bada, zergatik ez du jokatuko? Hori hemen ikus dezakegu: campus hau antolatzen dugun lehen urtea da eta neska asko daude.
Tximist Cup txapelketa izan zenuen joan den asteburuan.
Oso polita izan zen. Mundu guztitik etorritako 12 urtetik gorako 500 jokalari baino gehiago egon dira, eta futbolean jolasteaz gain, inguruak bisitatzeko ere aprobetxatu dute. Bestalde, oso ondo joan zen txapelketa, eta oso polita izan da hainbeste neska futbolean jolasten ikustea.
Gainera, Realeko pertsona historiko baten izenean.
Tximist ezagutzen genuen guztiontzat oso pertsona berezia izan zen, eta hori ez da edonorekin gertatzen. Berarengatik sortu genuen txapelketa eta ez genuen pentsatzen horrenbesteko arrakasta izango zuenik. Lehenengo urtean 200 neska inguru izan genituen, eta laugarren urtean 500 baino gehiago izan ditugu. Polita da bere omenezko txapelketa hazten ikustea.
Beraz, Realarekin lotura izaten jarraitzen duzu?
Bai, nesken bigarren taldean lan egiten ari naiz, eta infantilekin teknifikazioa egiten dut. Hau da, gurekin harremanak dituzten klubetako jokalariak hartzen ditugu, txapelketa desberdinetara eramateko. Realean nago 15 urte nituenetik, eta orain entrenatzaile edo prestatzaile fisiko gisa egotea izugarria da. Nire bizitzako kluba da, eta pozgarria da hor jarraitzea.
Nola aldatu da emakumeen futbola zure garaitik hona?
Izugarri aldatu da azken bost urteetan. Gainera, arlo guztietan aldatu da: entrenamenduak nolakoak diren, teknikoki eta taktikoki jokalari bakoitzak egiten duena… Dena asko aldatu da. Hein batean telebista eta komunikabideak sartu direlako izan da. Baina batez ere, harrobian oso ondo egiten ari garelako lan. Gero eta maila altuagoa dago.
Orain arte gertatu dena izan da emakumeen futbola gizonen futbolarekin alderatu izan dela, gizonek 50 urteko abantaila zeramatenean. Neskei duela oso gutxi arte ez zitzaien futbolean jolasteko aukerarik ematen, eta orain dena azkar egin nahi dugu.
Harrobia dago?
Talde asko sortzen ari dira, eta klub asko emakumeen taldeak izatearen aldeko apustua egiten ari dira, ez modagatik, baizik eta taldea zaintzeko. Lehen klub askok emakumeen taldeak izaten zituzten, baina behartuta egongo balira bezala. Hori oso garrantzitsua da neska gazteentzat, oso polita baita zure bizitzako taldearekin Anoetan jokatzearekin amets egitea edo zure partidak telebistan ikusi daitezkeela pentsatzea. Lehen ezin zenuen futbolari izatearekin amets egin eta ezta Anoetan jokatzearekin ere, ez zelako gertatzen. Nola imajinatuko duzu gertatzen ez den eta existitzen ez den zerbait? Gaur egun, ordea, existitzen da, eta Nahikari edo Mariasun izan nahi dute gazteek. Erreferenteak dituzte. Nik mutil futbolari bat izan nahi nuen, Mendieta neukan beti buruan.
Aurten Anoeta, San Mames eta Wanda Metropolitano zelaiak emakumeak ikusteko bete dira.
Bai, baina hori ez da errealitatea. Errealitatea da neskek Zubietan jolasten dutenean ez dela hainbeste jende joaten. Zelai horiek bete izanaren alderdirik garrantzitsuena da han egon zirenek bi astean behin taldea ikusteko zaletasuna hartzea. Gaur egun, Zubietako partidak ikusten 2.000 pertsona egotea normala da, baina errealitatea ez da 20.000 pertsona egotea. Garrantzitsuena jendea erakartzea da.
Emakumeek Anoetan jokatu beharko lukete?
Niri gustatuko litzaidake. Egia da ez litzatekela astero beteko, eta agian giroa hotza izango litzatekela batzuetan, baina zergatik ez? Agian beste pauso batzuk eman behar dira lehenago. Baina ez dut uste azken helburua Anoetan jokatzea denik, bazik eta jendea erakartzea eta harrobia zaintzea.
Zeintzuk izan ziren aitzindariak Gipuzkoako emakumeen futbolean?
Añorga eta Oiartzun taldeak, batez ere. Talde horiek aspaldi irabazten zituzten kopak Espainian, eta Realaren moduko talde erreferente batekin kopa bat berriz irabazi izana oso polita da. Gipuzkoan beti egon da emakumeen futbolaren aldeko kultura, eta bazen garaia horrelako titulu bat irabazteko. Jende askok ospatu du aurtengo garaipena, eta inflexio puntu bat izan dela uste dut, jendea konturatu dadin Reala talde bat baino gehiago dela.
Realarentzat denboraldi historikoa izan da aurtengoa. Irabazten jarraituko du taldeak?
Ilusioa ematen duten fitxaketak egiten ari dira, jokalari gazte asko daude, eta denboraldi on bat izango delakoan nago, baina futbolean ezin duzu jakin. Polita izango litzateke berriz ere liga eta kopa irabaztetik gertu egotea.
Mundiala jarraitzen ari zara?
Bai, partida asko ikusten ari naiz. Telebistan ematen ari dira eta maila handia dagoela uste dut. Polita da nesken mundial bat telebistan ikustea, eta baita kirol kazetariak neskak direla ikustea. Gainera, Realak bi jokalari eraman ditu Espainiako selekziora: Nahikari eta Mariasun. Hori ez batere erraza.
Hurbiletik jarraitzeko Realeko jokalari gazterik?
Bigarren taldean jokalari oso on asko ditugu, baina ikusiko dugu noraino iristen diren. Gipuzkoan ere maila altua dago, eta gure helburua da ahalik eta gehien lehen taldera iristea.
Zer esango zenieke neska gazteei futbolean jokatzera animatzeko?
Esperientzia politak bizi ditzaketela, laguntasun handia dagoela, eta polita dela gehien gustatzen zaizun kirola egitea. Gustatzen bazaizu egin beharko zenuke.
HAMABIETAN BERMUTA: Laranja zukua eta hegaluzea tomatearekin.
Non. Molino de Agua taberna. Pablo Gorosabel kalea, 3 (Loiolako Erribera).
Prezioa. 4,30 euro.