Umorea nagusi Igeldoko San Pedro jaietan
San Pedro eguna da gaur, Igeldoko jaietako egunik indartsuena, hain zuzen. 12:00etan aizkolari, trontza eta lokotxa erakustaldia egin ondoren, familiarekin bazkaltzea izaten da ohikoena, baina Deseredatun bazkaria egin dute aurten, “deseredatuak daudenentzat edo familiarekin bazkaldu nahi ez dutenentzat”. Horren aurretik, baina, paella lehiaketa egin dute, eta irabazleek San Pedroren giltza lortu dute; jaiek irauten duten bitartean soinean eramango dute.
Arratsaldean, iazko arrakasta ikusita, Umore Horiya errepikatu dute, eta aurten, proba berriak gehitu dituzte antolatzaileek. Besteak beste, bolo bizidunen jolasa, esku erraldoiena eta sator ehizaren jolasa egin dituzte. IRUTXULOKO HITZAk une hoberenak jaso ditu iruditan.
Egunak luze joko du, izan ere, oraindik haurren kalejira txikia gelditzen da, urezko zezenarekin eta buruhandiekin. Gaupasaren txanda helduko da ondoren, hainbat musika talde eta DJ-ek lagunduta. Igandean, oliba jaitsiera (13:00) izango da jarduera esanguratsuena, jai batzordekoen arabera, txapelketa “internazionala” baita. Parte hartzaile bakoitzak oliba bat botako du aldapan behera, eta azkarrenak irabaziko du.