Iñigo Bikuñak garaipenarekin bete du ametsa
Antiguako Iñigo Bikuña pilotariak profesionaletako debuta egin zuen atzo, Aspe enpresarekin. Jokin Altunarekin batera 22 eta 16 irabazi zieten Ezkurdia eta Tolosari. Atano III.a frontoia txiki utzi zuen Bikuñaren kuadrillak. Ametsa bete delako, zutaz harro Iñigo! zioen pankartarekin behar bezala animatu zuten. Izurun eskolak saldutako sarrerekin giro eta partida ederra bizi ahal izan zuten joan zirenek.
Neurketa ona jokatu zuen atzelari antiguatarrak. Serio aritu zen eta urduritasunik ez zuen erakutsi. Altuna III.ak partida bikaina jokatu zuen, eta Bikuñak asko lagundu zion atzeko koadroetan. “Ez dut sekula ahaztuko”, adierazi zuen partidaren bukaeran. “Oso ondo ikusi dut nire burua nahiz eta ez dudan pilota nahi bezala goxatu. Jokinek asko lagundu dit eta lasai aritu naiz”.
Bestalde, aitortu zuen asko duela hobetzeko, eta pozik agertu zen Atanon egindako debutarekin. “Ilusio berezia zuten lagunek, eta dibertigarria zein barregarria izan da”.