Donosti Cup txapelketan 640 taldek parte hartuko dute
Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen etxean aurkeztu dute 28. Donosti Cup txapelketa. Hilaren 8tik 13ra izango da, eta mundu osoko 640 taldek parte hartuko dute.
Oinarrizko futbolaren erreferenteetako bat da txapelketa, Suediako Gothia Cup, Norway Cup eta Helsinki Cup-ekin batera. Inaugurazioa hilaren 8an izango da Anoetako futbol estadioan. Horrekin batera, Gipuzkoako 40 futbol zelaitan izango dira partidak, eta Nafarroako beste bi zelaitan.
Apropos aukeratu dute Aieteko jauregia aurkezpena han egiteko. Iñigo Olaizola Donosti Cup-en zuzendariak nabarmendu du bakearen aldeko ekintza bat egingo dutela. Palestinako talde bateko eta judutarrez osaturiko AEBetako beste bateko futbol jokalariek olibondo bat landatuko dute Anoeta inguruan.
Eneko Goia alkateak ere aurkezpenean parte hartu du, eta txapelketak hiriari egiten dion ekarpena aipatu du: “Pozgarria da turismoak gora egitea txapelketarekin, baina pozgarriagoa iruditzen zait talde kopuruak gora egitea. Azken batean, garrantzitsuena da jendea ekartzea hirira gauzak konpartitu ditzaten”.