"Sekulako garrantzia izan du nire bizitzan"
Altzako idazleak 'Derbia' eleberria argitaratu du, eta 'Babilonia'-k 30 urte bete ditu aurten. IRUTXULOKO HITZAk Irigoien elkarrizketatu du.
Gaixotasunak ez du bere literatur emaria eten. Maiatza bukaeran Derbia (Elkar) eleberri bihurria argitaratu zuen Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948). Futbolaren inguruko kontakizun umoretsua. Realearen aldeko bikote bat eta Athleticen aldeko beste bat dira protagonistak. Altzako idazlea elkarrizketatu du IRUTXULOKO HITZAk, eta ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da.
“Futbolaren munduak bere alderdi komikoa ere badu, eta beti izan dut buruan alde barregarri hori islatzeko eta garatzeko gogoa”, dio Irigoienek. Ez da futbolaz idazten duen lan bakarra, baina aspalditik beste era bateko kontakizun bat idazteko asmoa zuen. Realeko bigarren taldeko jokalaria izan zen, eta bazkidea hainbat urtetan. Oraindik ere realzalea da: “Ni beti izan naiz. Baina, zuri-gorrien eta txuri-urdinen artean, inoiz, istiluren bat sortuko balitz, bakegilearen lekuan jarriko nintzateke. Izan ere, euskalduna naiz, oroz gain”.
Xabier Mendiguren Elizegi editore eta laguna izan du alboan nobela berria osatzerakoan, eta berarekin duen harremana berezia dela dio. Hain zuzen ere, Babilonia eleberriak elkartu zituen Mendiguren eta Irigoien. 30 urte bete ditu altzatarraren nobela arrakastatsuenak. Horri buruzkoak eta beste irakurri ahal izango dira ostiraleko astekarian.