Summa Aldapeta zaharreko azken eraikina eraisten hasi dira
San Bartolomeko lanekin batera ari dira Summa Aldapeta ikastetxea berritzeko obrekin. Horretarako hainbat eraikin bota eta beste hainbat eraikitzen ari dira. Azken eraikina gaur goizean hasi dira eraisten. 1881an eraiki zen, eta Aldapeta kaleko 17. zenbakian dago.
Gipuzkoako ikastetxerik handiena da Summa Aldapeta, Javier Cortes zuzendariak azpimarratu duenez. Ikastetxea goitik behera aldatuko dute lanek, eta hain justu obren bigarren faseari hasiera eman diote.
2.500 ikasletik gora ditu Summak, eta berritze prozesuak aukera gehiago eskainiko dizkio. Instalazio guztietara ez ezik, hezkuntza osora luzatuko da ikastetxearen eraldaketa. 20 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute.